Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak

EAJk nagusitasunari eutsi dio Bizkaian, baina EH Bilduk asko murriztu du aldea

Boto guztiak zenbatuta, jeltzaleek legebiltzarkide bat galdu dute, eta 11 lortu dituzte. EH Bildu sei eserlekutik zortzira igo da.

EAJren hautagai eta buruzagiak, Sabin Etxean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
EAJren hautagai eta buruzagiak, Sabin Etxean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
gotzon hermosilla
2024ko apirilaren 21a
21:00
Entzun

Botoen %100 zenbatuta, EAJk eutsi egin dio bere nagusitasun historikoari Bizkaian, baina legebiltzarkide bat galdu du eta 11 lortu. EH Bildu, aldiz, sei legebiltzarkide izatetik zortzi izatera pasatu da. PSE-EEk lau legebiltzarkide lortu ditu, duela lau urte baino bat gehiago, eta PPk lehen zeuzkan biei eutsi die. Ezker konfederala ordezkaritzarik gabe gelditu da.

Historikoki, boto biltegi oparoa izan da Bizkaia EAJrentzat, eta Eusko Legebiltzarrerako 2020ko hauteskundeak ez ziren salbuespena izan. 200.000 botoren langa gainditu zuten orduan jeltzaleek, boto guztien %42,58 eta 12 jarleku lortu zituzten emaitza horiei esker, bigarren indar politikoak halako bi; izan ere, EH Bilduk sei legebiltzarkide eskuratu zituen, 112.619 bozekin (%23,93). PSE-EEk botoen %13,59 eta hiru legebiltzarkide lortu zituen. Garai hartan Ahal Dugu-k eta Ezker Anitzak osatutako koalizioak eta PPk eta Ciudadanosek egindakoak, berriz, bina jarleku lortu zituzten.

Gaurko datuen arabera, EAJren Bizkaiko hegemonia hori ez dago arriskuan, baina jeltzaleen eta EH Bilduren arteko aldeak asko murriztu dira, koalizioak egindako aurrerakadaren ondorioz batez ere. EAJk berriro gainditu du 200.000 botoren langa, 222.000 lortu baititu, baina jaitsi egin da ehunekoei erreparatuta, eta ez da %40ra iritsi (%39,51). EH Bilduk, berriz, duela lau urte baino ia 50.000 boto gehiago eskuratu ditu, eta ehunekoetan ere gora egin du (%23,93 2020an, %28,60 aurten).

PSE-EEri dagokionez, hauteskunde kanpainan asko nabarmendu dute 2023an Espainiako Gorteetara egindako hauteskundeetan nagusi izan zirela. Orduan Bizkaian lortu zituzten 157.000 botoetatik oso urruti ibili dira sozialistak, baina duela lau urte Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan eskuratutako 64.000 botoak gainditu dituzte (78.900), eta eserleku bat irabazi dute.

Ezker konfederalaren esparruan, Sumarrek eta Elkarrekin Podemosek zeukaten lehia Sumarrek irabazi du Bizkaian: %100 zenbatuta, Sumarrek botoen %3,38 dauzka, eta Elkarrekin Podemosek, berriz, %2,25. Gairaipen mingotsa da, ordea, ez batak ez besteak ez dutelako ordezkaritzarik izango Bizkaian.

Bilbo izan daiteke Bizkaian izandako aldaketaren adibide argi bat. 2020an, EAJk 55.600 boto lortu zituen, boto guztien %42,60. Orain, botoen %39,55 lortu ditu. Hori baino ikusgarriagoa da EH Bilduk egindako urratsa: botoen %18,36 izatetik %22,44 izatera pasa da. PSE-EEk gorakada txiki bat izan du, %14,53tik %14,96ra. PPk ere aurrera egin du, %9,71tik %12,83ra, eta ezker konfederalaren zatiketak ondorio larriak ekarri dizkio: lehen, botoen %8,88 zituzten; orain, Sumarren eta Elkarrekin Podemosen botoen batuketa ez da zenbaki horietara iristen (Sumarrek %3,88, EPk %2,47; azken horrek Voxek baino boto gutxiago lortu ditu Bilbon).

Ezkerraldeko herri guztietan, EAJ izan da garaile, baina hori bezain esanguratsua da honako datu hau: EH Bildu bigarren indarra da Barakaldon, Santurtzin eta Sestaon, PSE-EE gaindituta, eta Portugaleten baino ez dute lortu sozialistek EH Bilduren aurretik gelditzea. Durangon, boto guztiak zenbatuta, EAJren aurretik doa EH Bildu, 41 botoren aldearekin. Gernika-Lumon ere EH Bildu da lehenengo indarra, botoen %45 lortuta (EAJk, %41,2). 2020an, Bizkaiko herri bakar batean lortu zuen PSE-EEk lehen indarra izatea, Ermuan hain zuzen; aurten, aldiz, EAJ izan da lehen indarra herri horretan, botoen %27,57 lortuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.