Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpainaurrea

EAJk «nazioen eskaerak» onartzeko deia egin dio Madrili

Iñigo Urkullu: «Euskadi eta Kataluniaren izaera nazionala onartzeari dagokionez zor kitatu gabea dute Raxoik, PPk eta PSOEk»Oiartzabalek ohartarazi du bozen ostean Kataluniakoa EAEn errepikatuko dela

Iñigo Urkullu, atzo, Gasteizko Elikagai Bankura egin zuen bisitan. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
2012ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Katalunia berriro hizpide hartu zuten atzo alderdi politikoetako buru eta hautagaiek, kanpainaurreko ekitaldien barruan. Batzuek, Katalunia eta Euskal Herria egitate nazional gisa azpimarratzeko; besteek, «Espainiaren zatiketa arriskuaz» ohartarazteko. Kataluniaren beharrik ez zegoen, EH Bilduk eta EAJk mahai gainean jarriak baitituzte subiranotasun ekonomiko eta politikoa eta estatus berria. Baina, atzo, Kataluniako Generalitateko presidente Artur Masen eta Espainiako gobernuburu Mariano Raxoiren arteko bilerak gaia indartu zuen, irailaren 11n Kataluniako Diada egunean egin zen manifestazio independentista erraldoiak indartu zuen bezala.

EAJko lehendakarigai Iñigo Urkulluk «Euskadi eta Kataluniaren errealitate nazionalak» ekarri zituen hizpidera, Gasteizen, Arabako Elikagai Bankura egindako bistan. Ez zen, beharbada, lekurik aproposena, baina unea bazen aproposa: «Euskadiren eta Kataluniaren nortasun nazionala onartzeari dagokionez kitatu gabeko zorra dute Raxoik, PPk eta PSOEk», adierazi zuen Urkulluk, eta Espainiako Gobernuak «gogobeteko erantzuna» eman beharko diela «Katalunia eta Euskadiko nortasun nazionalen aldetik egiten diren eskariei».

Dena dela, hautagai jeltzaleak esan zuen bi herrialdeek «beren bidea» dutela, eta «Euskadiren kasuan» bide hori «sakonduz» joan behar dela «gero eta autogobernu eta subiranotasun handiagoa eta gero eta menpekotasun txikiagoa» izateko.

Joseba Egibar GBBko buruzagi eta Gipuzkoako zerrendaburuak ere gaiari heldu dio Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan, eta Mariano Raxoi «beldurtuta» ikusten duela adierazi zuen, Estatuak «konpontzeke dituen lehen mailako gatazka politiko nazionalen inguruan».

Independentziari buruz galdetuta, Egibarrek esan zuen «iritsiko» dela, baina «urratsez urrats» joan behar dela zehaztu zuen.

Kontzertua «ez da nahikoa»

EH Bildu koalizioko lehendakarigai Laura Mintegik, berriz, «helburu handiagoz» jokatzera animatu zituen kataluniarrak, ikuspuntu ekonomiko eta nazio ikuspuntutik kontzertu ekonomikoa baino «neurri egokiago bat» planteatzera, Mintegiren ustez kontzertua ez delako «neurririk onena». Lehendakarigaiaren ustez, agian Katalunian gehiegi «idealizatu» da kontzertua. «Baina guk ongi ezagutzen dugu, eta badakigu zein muga dituen».

Eusko Jaurlaritzako lehendakari Patxi Lopezek, berriz, «kezka handiz» ikusten du estatuaren eta Kataluniaren artean sortu den «gatazka», eta buruzagi sozialistak «esfortzu zintzoa» eskatu die bi aldeei, Kataluniako krisia «bideratzeko». Lopezen kezka auzi hori «Euskadira iritsiko den» ere bada, baina uste sendoa du«euskal gizarteak»ez duela itzuli nahi EAJk agintzen zueneko «iragan gertu hartara».

PP: «Urkullu Mas da»

PPko idazkari nagusi eta Arabako zerrendaburu Iñaki Oiartzabalen ustez, Katalunian gertatzen ari dena Euskal Autonomia Erkidegoan errepikatuko da urriaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen ostean. «Kataluniarren hordago independentista da Euskadik espero izan behar duena urriaren 21etik aurrera», esan zuen atzo: «Urkullu Mas da, etaUrkulluk eta EH Bilduk Kataluniaren prozesuaren moduko batean murgildu nahi dute Euskadi». Horregatik, «euskal herritar eta espainiar sentitzen direnei» mobilizatzeko eskatu zien, «elkarbizitza esparruak defendatzeko».

PPko lehendakarigai Antonio Basagoitik ere ideia berari eutsi zion bere blogean: «Urkulluk Mas egiten ari dena egingo du; Ibarretxek egin zuena, hain zuzen ere: Espainiarekiko biktimismoa, bidegabekeria eta beste aipatuz abertzaletasun sentimenduak gorenera pitzarazi, subiranismoan aurrera egiteko boterea lortuz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.