Aralarrek, NaBai 2011 parlamentu taldearen izenean, jakinarazi du taldea berrantolatzeko proposamena erregistratu duela. EAJko Manu Aierdik orain arte hiru batzordetan zuen bozeramailetza, eta horiek utzi egingo ditu. Hemendik aurrera Kultura batzordean izango da Patxi Leuza parlamentariarekin batera. Aralarrek arrazoitzen duenez, aste hasieran Iruñeko udal taldetik Aralarreko bi zinegotzien kaleratzeak eragin duen “konfiantza galerak ezinezko egiten du egungo ordezkaritza mantentzea”.
Atzo eguerdian bilera izan zuten Patxi Zabaletak eta Manu Aierdik. Aralarreko iturrien arabera, Zabaletak jakinarazi zuen udal taldeko erabakiak ondorioak izango zituela Parlamentuan ere. Aralarrek uste du Iruñeko udaleko erabakia Geroa Bairen organoetan hartu zela eta bileran Zabaletak planteatu zion Aierdiri EAJ eta Aralar esertzea eta “behin betiko irtenbide adostua” bilatzea. Gaur arte erantzun bat emateko egun bateko epea eman zion, eta erantzunik jaso ez ostean, Manu Aierdiri hiru batzordetan ordezkaritza kentzea erabaki dute. Erregistroan sartu dute eguerdian.
Aierdik lehen balorazio batean esan du Aralarrek hartutako erabakia "oso gogorra" dela. Argi adierazi du jendearen arazoak konpontzeko asmoarekin jarraituko duela parlamentari gisa eta proposamenak egiteko prestutasunarekin. "Horrek betetzen nau". Aierdik nahiago du orain "etorkizunera begira" jarri eta koalizioaren baitan Aralarrekin izandako dibortzioa konpontzeko borondatea agertu du. Zabaletarekin izandako bilerari buruz, aipatu du arrazoietan ezados badaude ere, biak ere ondorioetan ados daudela eta egoera konpondu egin behar dela. Bere esanetan, bileran denbora eskatu zion Zabaletari eta honek ez zuela denborik erantzun zion. Aierdik eta EAJk Aralarren erabakiaren gaineko balorazio sakonago bat egingo dute datorren astean.
Astelehenean, NaBaiko Iruñeko udal taldeak gehiengo handiz erabaki zuen Aritz Romeo eta Ana Barrena zinegotziei koalizioaren bi bulegoetako batera pasatzea eta bietako baten liberatu soldata taldearen esku uztea. Horren aurrean Aralarreko Nafarroako zuzendaritzak erasotzat jo zuen erabaki hori eta "udal taldea apurtzea" leporatu zien gainerako kideei. Udal taldeko eledun Uxue Barkosek, berriz, moldaketa bat izan dela deritzo eta gakoa aurretik Aralarreko EHBildurekin joateko erabaki estrategikoa dela arrazoitu du. Barkosen iritziz, Aralar bera da haustura erabaki duena.