Gaur eta bihar egingo du EAJk VI. Batzar Nagusia, Barakaldoko BEC azokan. Datozen lau urteetarako ildo nagusiak onartu, eta EAJren zuzendaritza berria aukeratuko dute gaur. Bihar, Iñigo Urkullu aukeratuko dute Euzkadi Buru Batzarreko presidente. Urkullu da kargurako hautagai bakarra, eta, Joseba Egibar GBB Gipuzku Buru Batzarreko presidentearen ustez, EBBk egun «behar duen gidaria» da. «Bestela ez genukeen aukeratuko», adierazi du Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean.
Alderdi barruan «adostasuna» dagoelako da presidente egokia Urkullu, Egibarren ustez. Horrexegatik ez du bere burua hautagaitzarako aurkeztu. Gaur onartuko diren txostenek alderdi barruan erabateko onarpena lortu dute; ez dute zatiketarik eragin. Aurrera begira zehaztutako bide orrian bat egin dute EAJ barruko familia guztiek, eta, beraz, Egibarrek ez du beste hautagaitzarik aurkezteko beharrik sentitu. «Proiektuak dira garrantzitsuak», azaldu du GBBko buruak. «Pertsonak baliabideak besterik ez gara; batzuk tresna egokiagoak izango dira besteak baino, baina proiektuak dira garrantzitsuak». Areago, alderdi barruan «oreka» ziurtatuta dagoela dio.
Bizkaitarrak jaun eta jabe
EAJren Batzar Nagusiak aukeratzen dituen zortzi burkideen artean, bizkaitarrak izan dira nagusi beti. Historikoki, bost bizkaitar, bi gipuzkoar eta arabar bat hautatu izan dira. Barne prozesuak utzi dituen datuen arabera, osaera zertxobait alda daitekeela aurreikusten du Egibarrek. Bizkaiko bost kide mantenduko direla, baina gipuzkoarra bakarra izan daitekeela, eta arabarrak bi.
EBBko bederatzigarren kidea presidentea da: Urkullu, bihar kargurako hautatuko dutena. Eta, ondoren, asteburuko batzarra amaituta, lurralde batzarrak eratzeko prozesua abiatuko da. Bizkai, Gipuzkoa, Araba, Nafarroa eta Iparraldeko lurralde batzarretako presidenteak EBBra gehituko dira, hamalau kide izango dituen zuzendaritza osatuta.
Urte luzeetan izan da Egibar GBBko presidente, eta EAJko sektore baten aurpegia ere bada. Atzoko elkarrizketan, ordea, ez zuen argitu kargurako aurkeztuko den edo ez.
Presoak eta biktimak
Konponbiderako prozesua ere hartu zuen hizpide Egibarrek. Espetxe politika «legea eskuan izanda baina malgutasunez» aldatu behar dela adierazi zuen, eta biktimen gaia landu behar dela. «Bi alor horiek dira lehentasuna momentu hauetan». PPk gaiari eutsi eta urratsak egingo dituen esperantza azaldu du Egibarrek, horretarako lan egin behar dela eta «pazientzia» izan behar dela zehaztuta. «PPk duela gutxira arte ez zuen sinesten honek ez duela atzera bueltarik. Orain, jabetu da, eta denbora beharko du».
EAJren EBBk gaur egun behar duen «gidaria» Urkullu dela dio Egibarrek
Joseba Egibarrek ez du zehaztu GBBko presidente kargurako aurkeztuko den edo ez; aurrerago argituko du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu