hauteskundeak

EAJren EBBk Tejeria proposatu du Eusko Legebiltzarreko presidentegai

Arabarako, Bizkairako eta Gipuzkoarako zerrendakideen proposamenak ere helarazi dizkie afiliatuei. Urkullu Arabako taldean aurkeztuko dute.

Bakartxo Tejeria,iaz, Eusko Legebiltzarrean. JUANAN RUIZ, ARGAZKI PRESS
enekoitz esnaola
2016ko apirilaren 7a
17:30
Entzun

EAJren EBBk alderdikideei bidali dizkie Eusko Legebiltzarrerako osatu dituen hautagaien zerrenda proposamenak, eta, haien artean, Bakartxo Tejeria proposatu die parlamentuko presidentegai. Gaur egun, Tejeria bera dago kargu horretan. EBBk Aberri Egunean jakinarazi zuen afiliatuei Iñigo Urkullu proposatu diela Jaurlaritzako lehendakarigai.
 
EAJk atzo hasi zuen bozetarako barne hauteskunde prozesua, eta maiatzaren 7ko Aberri Batzarrean amaituko du. Alderdikide guztiek izango dute hitza eta botoa emateko eskubidea.

Tejeriaz eta Urkulluz gain, Arabarako, Bizkairako eta Gipuzkoarako zerrendakideen proposamenak ere helarazi dizkie afiliatuei, hautagaiak alfabetoaren arabera zerrendatuta. EBBk atzo jaso zituen ABBko, BBBko eta GBBko batzarrek adostutako zerrendak, eta, izenen artean alderdiko estatutuen arabera "bateraezintasun egoeran inor ez" dagoela egiaztatu ondoren, bere egin zituen proposamenak. Herrietara igorri ditu, afiliatuek bozka ditzaten. Alderdikideek hautagai berriak aurkeztu ahalko dituzte.

Gipuzkoako zerrendan dira, besteak beste, Joseba Egibar EAJren legebiltzarreko bozeramailea, Tejeria bera eta Arantxa Tapia Jaurlaritzako Garapen Ekonimikorako sailburua. Bizkaikoan, Josu Erkoreka Jaurlaritzako eleduna eta Imanol Landa Eudeleko presidentea. Urkullu lehendakaria, berriz, Arabakoan dago, baita Estefania Beltran de Heredia Segurtasun kontseilaria eta Ana Oregi Ingurumenekoa ere.

Aurrerapenik ezean, udazkenean izango dira EAEko bozak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.