BAKEA ETA ELKARBIZITZA

EAJren "erdibideko jarrera” kritikatu du PPk, eta “egiazko memoria” aldarrikatu du

Miguel Angel Blanco ETAk hildako PPko zinegotziaren “sinboloa” goraipatu du Alonsok. Mari Mar Blanco biktimaren arrebak “garaileen eta garaituen” kontakizuna galdegin du.

Gorka Berasategi Otamendi.
2016ko uztailaren 12a
14:19
Entzun

Alderdi Popularrak Miguel Angel Blanco alderdikide ohiari omenaldia egin dio gaur Ermuan, ETAk bahitu eta erail zueneko 19. urteurrenean. PPk ekitaldia baliatu du EAJ kritikatzeko, memoriaren inguruan duen jarrera dela eta. Alfonso Alonso Araba, Bizkai eta Gipuzkoako PPko presidentearen esanetan, alderdi jeltzaleak “erdibideko jarrera bilatu du, ETAren existentzia eta haren jarduera kriminala justifikatzen dituena”. EAJren jokabideak “haren lehentasunezko kide izan daitekeena zuritzeko” asmoa duela adierazi du Alonsok, EH Bilduri erreferentzia eginez.

“Egiazko memoria” aldarrikatu du PPko buruak. “Memoria gaurkotzera behartuak gaude. Herri honek gazte ausart baten inguruan terroreari aurre egin zioneko memoria kontatu behar dugu”.

Mari Mar Blanco biktimaren arreba eta Fundacion Victimas del Terrorismo -Terrorismo Biktimen Fundazioa- elkarteko presidente ere badenak, “egia gezurrari gailentzea” eskatu du. “Historia biktimekin eta borreroekin idatzi behar da, garaile eta garaituekin”.

Anton Danborenean Bizkaiko PPko presidentea, berriz, “oso harrituta” agertu da, “[Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako] lehendakariaren argumentu nagusia presoen gerturatzea” dela iritzita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.