Politika

EAJren "jarrera politikoaren atzerakadak" autoderminazioaren aldekoak "kezkatu" behar lituzkeela esan du Barrenak

Pernando Barrena Batasuneko kidearen iritziz, autodeterminazioaren aldeko eragileek "kezkatuta" egon beharko lukete, Josu Jon Imaz EBBko lehendakari berriak atzo azaldutako "jarrera politikoak EAJk atzeraka egin duela erakusten duelako". Imazen atzoko hitzaldiak 1988ko 'Arriagako espiritua' gogora ekarri ziola esan du Barrenak, "euskal herritarrok Espainian eroso sentitzea bilatzen zuen espiritu horrek", adierazi du Radio Euskadin eskaini duen elkarrizketan. Akordioa lortzen ez bada ere, ezker abertzaleak akordioa defendatzen jarraituko duela nabarmendu du.

2004ko urtarrilaren 19a
13:50
Entzun
"Esan zituen zenbait gauzekin ados gaude, baina atzerakada bat dago EAJren jarrera politikoan, Lizarrako akordioa sinatzera eraman zuten parametroetatik oso urrun baitaude". "Atzerakadarik handiena Egibar eta Imaz bereizten dituzten puntuetan" nabarmendu dituztela esan du Barrenak, aliantza politikoak egiteko ikuspuntutik hasita: "Estatuaren pakto berri bat bilatzen du eta autodeterminazio aldarrikatzen duten eragileen artekoa".

"Autodeterminazioaren alde urratsak eman nahi ditugunok kezkatuta egon behar genuke, Imazek alderdia jartzen baitu guztiaren gainetik, eta herria uzten du bigarren mailan", azpimarratu du Batasuneko kideak.

"EAJn alderdien interesak gailendu dira"

Batasunak Bergaran egindako proposamenaren egoeraz ere galdetu diote Pernando Barrenari. Haren irudiz, "eskandalua" da "alderdiaren interesengatik" proposamen hori ez babestea, eta are gehiago ETAren agiria kontuan izanda, "guztiok ikusten baitugu hitz horien atzean su-eten eskaintza bat dagoela".

Autodeterminazioaren aldeko zerrenda bateratu bat osatuko balitz, "ezker abertzalea borondatea onekoa" izango zela nabarmendu du Barrenak, "bai zerrenden osaketan eta bere kideak zerrenda horretan ez sartzeko prest egongo litzeke ilegalizatua izateko arriskua saihesteko". Halaber, Lizarrakoa berriz ez gertatzeko "berme osagarriak bilatzearen alde" agertu da Batasunekoa, EAJren, EAren eta ezker abertzalearen artean "konfiantza" egon zedin.

Akordioa lortzen ez bada ere, ezker abertzaleak akordioa defendatzen jarraituko duela nabarmendu du, eta berak erabakiko du "nola adierazi" hauteskunde horietan "ezker abertzaleak jarraitzen" duela Batasuna legez kanpo utzi arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.