EAJri eta PSEri Bilduren aurrean 24 proiektu blindatzea eskatu die PPk

«Euskadiren garapenerako estrategikoak» diren proiektuak ziurtatzeko akordioa egitea proposatu die Basagoitik«Interes handiz» aztertuko duela esan du Mendiak. EAJk dio ez duela esku hartuko

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2011ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Udal eta foru hauteskundeen ondoren Bilduk instituzioetan hartu duen indarraren aurrean, koalizioaren ahalmena geldiarazi egin behar dela uste du PPk. Proposamen zehatza egin die, horretarako, EAJri eta PSE-EEri. «Euskadiren garapenerako» estrategikotzat dituen 24 proiektu babesteko akordioa egin dezatela proposatu die. Antonio Basagoiti PPren EAEko presidentearen esanetan, «garapenean aurrera egitea» kolokan jar dezake Bilduk, eta hori saihestu beharra dago. Horregatik eskatu du ezinbestekotzat dituen proiektuak «blindatzeko».

PPk mahai gaineratutako proiektu horien artean daude, besteak beste, Abiadura Handiko Trena, Pasaiako badia, eta Zubietako errauste planta. Horiez gain, enpresariak babestea proposatu du, adibidez, «bikaintasunean oinarritutako turismoa» sustatzea, eta, jaietan, «doktrinatzean» oinarritzen diren taldeak ez kontratatzea. Hain zuzen, eredu sozial eta ekonomiko jakin bat ezarriko dela ziurtatzea da proposamenaren helburua.

Lopezi eta Urkulluri

Euskadiren garapen ekonomiko eta sozialerako proiektuak bermatzeko proposamena izena eman dio PPk eskaintzari, eta, Basagoitik atzo jakinarazi zuenez, PSE-EEren eta EAJren buruzagi nagusiei igorri die: Patxi Lopez lehendakariari PSE-EEren idazkari nagusia den heinean, eta Iñigo Urkulluri EAJren EBBko presidente delako. Ez EAJk ez PSE-EEk ezingo diotela eskaintzari ezetz esan adierazi du Basagoitik, «herri honek garatzen jarrai dezan behar duen guztia biltzen baitu txostenak». Beraz, «arduraz» jokatzeko esan die bi alderdiei.

Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak eman du Lopezen asmoen berri. Proposamena «interes handiz» aztertuko duela azaldu du. Elkarlanean zein gaiaren inguruan aritu daitezkeen aztertuko duela. «Lehendakariak ez du oraindik txostena jaso baina berak lehenago ere esana du herriari begirako akordioa egin beharko litzakeela, hiru alderdiek bat egiten baitute Euskadirentzako proiektu handien defentsan».

EAJk ohar bidez esan du ez duela esku hartuko «Bilduren aurka egiteko akordio estrategikoen mozorropean aurkezten den proposamenean». Proposamen honek PPren irudia garbitzea beste helbururik ez duela uste du alderdi jeltzaleak. «Estrategia honek ezbaian jartzen du orain arte babestu duen gobernuaren kudeaketarako gaitasuna».

Iñaki Gerenabarrena EAJren Arabako Buru Batzarreko presidenteak ere ildo beretik egin zuen esanez akordio baztertzailerik ez dutela onartuko. «Aitzakiarik» ez bilatzeko esanez erantzun zion ondoren Basagoitik. «Proposamen argia da; 24 proiektu jasotzen ditu, eta oso argi daude denak».

Gipuzkoa, jomuga nagusi

Garapena sekula baino beharrezkoagoa dela errepikatzen indar bereziaegin du Basagoitik. «Egungo egoeran, krisi ekonomiko garaian gaudenean eta leku garrantzitsu batzuetako gobernuek garapenari uko egiten diotenean, etorkizunari eta modernitateari bizkar ematen diotenean, ezin dugu geldirik egon», adierazi du. «Geldiarazi ezin diren proiektuak dira; ezin dira gelditu ez alderdi demokratikoen akordio faltagatik, ez instituzioetara herri honen etorkizunerako ekimen nagusiak baztertzen dituen alderdi bat iritsi delako». Hortaz, Bilduk indar handiena Gipuzkoan hartu duenez, PPren jomuga nagusia ere Gipuzkoa izango da.

Gainera, Basagoiti seguru dago Gipuzkoan ere Bilduren egitasmoak geldiarazi daitezkeela. Horretarako, gainontzekoek batu besterik ez dutela egin behar ohartarazi du PPko buruzagiak. «Bilduk ez du gehiengo osorik Gipuzkoan eta PP, PSE eta EAJ akordiotara iristeko gai bagara, luzera begira aritu eta herriaren alde pentsatzeko gai bagara, etorkizunerako proiektu guztiak mantendu, garatu eta indartu daitezke».

EAJk Gipuzkoan ez zuela behar bezala jokatu ere iradoki du Basagoitik. «Bilduk gobernatzen du EAJk ez zuelako akordiorik egin nahi izan; ez Bilduk gehiengo osoa zuelako». Beraz, «Euskadi horrelako alderdi baten esku uztea erabat arduragabea izango litzateke» Basagoitiren hitzetan, «ez duelako ezer betatzeko gehiengo osorik».

EAJri egin dio keinu PPk. Arduraz jokatu eta akordioa egiteko eskatu dio; «akordio diskretua» behintzat egiteko, «herriak funtzionatzen jarrai dezan».

«Erromatarren aurretikoa»

Horretarako, EAJren eta PSE-EEren babesa jasotzeko, udaran zehar bi alderdiekin bilerak egin eta proposamenak lantzeko asmoa du, «Euskadi ez dadin geratu; ez dezan geldiarazi ez Bilduko ahaldun nagusi batek, ez erromatarren aurretiko herrixkara eraman nahi gaituen beste inork».

Elkarlana behin eta berriz eskatu du, beraz, «hazteko aukera kolokan jarri ez dadin. Eta ez soilik krisi ekonomikoagatik; baita zazpi harresiren azpian itxita egotea eta munduko beste inorekin konektatu gabe egon gaitezela nahiago duen irizpide politikoagatik ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.