«EAJri interesatzen zaion bakarra negozioa da, CiUri bezala». Hori esateko EAJren azken erabakiak begiratu besterik ez dago, Arnaldo Otegi Batasuneko bozeramailearen ustez. CiUk Espainiako Gobernuarekin hitzartu duen Estatutuaren ondoren Josu Jon Imaz EAJren EBBko bozeramaileak emandako zorionak eta hirukoak PSE-EErekin hitzartu dituen aurrekontuek hori adierazten dutela uste du Otegik; EAJri negozioa baino ez zaiola axola. «EAJri inporta zaion bakarra gobernuan egotea da, erakundeetan egotea eta diru publikoa kudeatzea».
Baina ohartarazi zuen EAJk bide horretatik jarraitzen badu, gatazka luzatzearen ardura eurena izango dela.Gatazkaren konponbiderako prozesua hitzetik hortzera, baina prozesua eraikitzeko bainoago ezker abertzalea iraintzeko erabiltzea egotzi zion Imazi. Eta horren bitartez prozesuaren benetako «helburua eta garrantzia desitxuratu» nahi dutela uste du.Prozesua abiatzeko Batasunak azken urtean hainbat urrats egin dituela esan zuen: Anoetako proposamena, Estatutu Berrirako Proposamenaren hariraegindako gogoeta eta haren alde seitik hiru boz ematea, hauteskundeetan izan dituzten oztopoen gainetik jendeari antolatzera, bozkatzera eta politikoki lan egitera deitzea... «Eta EAJk zer egin du prozesua abian jartzeko? Zein izan da beraien konpromisoa?».Luze eta zabal aritu zen atzo Otegi hedabideen aurrean. Ordura arte aipatutakoak prozesuari buruz ezkor izateko arrazoiak eman dizkion arren, prozesuak aurrera egin dezan baikorrak izateko arrazoi sendoak badaudela ere esan zuen. «Eta benetan prozesua desitxuratu nahi ez bada, urratsak egiten ari direla onartu behar da».
Baikorrak izateko arrazoiak
Lau adibide aipatu zituen: Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoari garrantzi handia eman zion, Euskal Herrian prozesuak zein oinarri izan beharko lituzkeen zehazten duelako, eta Euskal Herrian gaur egunera arte lortuden akordiorik zabalena delako. Bigarrenik, Europako Parlamentuan bake prozesua laguntzeko sortu den Babes Taldea aipatu zuen. Hirugarrenik, BECen eskubide zibil eta politikoen alde eragile sozial, politiko eta sindikalak batu izana nabarmendu zuen. «Herri moduan erantzuteko gaitasuna erakutsi zen». Eta, azkenik, jakinarazi zuen alderdiek hizketan jarraitzen dutela, komunikazio bideak irekita daudela.
Ildo horretan lanean jarraituko dutela berretsi zuen. «Etorkizuna eraikitzeko gakoak honakoak dira: indarrak batu eta konpromisoak aktibatzea, prozesuaren etorkizuna herri honetan baitago».
Prozesua abiatuko bada eragile guztiek parte hartu behar dutela berretsi zuen. Eta irmo baieztatu zuen prozesua egon egongo dela, eta Batasuna hor egongo dela.Bestetik, EAE-ANV alderdiak ohar baten bidez jakinarazi du EAJk Batasunaren kontra egindako kritikek ez dutela zentzurik. Zinegotziei «mafia urbanistikoen babesarekin» jazartzea egotzi zion Imazek Batasunari. EAE-ANVren ustez, baina, «Imazek Batasunaren kontra agertutako jarrera oldarkorra euren karguak eta negozioak galtzearen beldurrak eragindakoa da».
EAJri interesatzen zaion bakarra negozioa da, Batasunaren iritziz
Arnaldo Otegiren esanetan, CiUk Espainiako Gobernuarekin hitzartu duen Estatutuaren ondoren EAJk nola zoriondu duen ikusi besterik ez dago EAJk zein norabide hartuko duen ikusteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu