Pello Urizar EAko idazkari nagusiak uko egin dio Amaiurren eta EAJren arteko «hegemonia borroka bati» buruz hitz egiteari, eta ziurtatu du «gizartearen desioetatik urrun» dagoela hori. Urizarren aburuz, «interes jakin batzuen araberako eztabaida» da abertzaleen arteko borroka sustatzea. Izan ere, Eusko Legebiltzarra osatzeko hauteskundeak dira hurrengoak, eta «aukera asko daude» Ajuria Enean lehendakari independentista bat ezartzeko. Amaiurrek bozetan lortu dituen emaitza «arrakastatsuak» nabarmendu ditu Urizarrek.
Ikerne Badiola EAko Komunikazio idazkariarekin batera egin duen prentsaurrekoan, elkarlanean jarduteko proposamena egin die EAJri eta Geroa Bairi. Dena den, adierazi du aztertu egin behar dela jeltzaleek 2015erako estatus politiko berri bat ezartzeko duten asmoa: «Aztertu egin behar da kanpainako mezuak soilik diren edo benetan borondatea dagoen». Jakinarazi duenez, oraindik ez dute erantzunik jaso.
Amaiurrek Espainiako erakundeetan egingo duen lanaren inguruan, ziurtatu du «ordezkaritza iraunkorra» izango duela, eta «lantalde bakar batean» funtzionatuko duela. Euskal Herriari zuzenean edo zeharka eragiten dioten gaietan hartuko dute parte koalizioko hautetsiek, Espainiari soilik eragiten dietenak albo batera utzita. «Gure erabakiak errespetatzeko eskatzen dugun era berean, guk ere espainiarrei bakarrik eragiten dieten gaietan errespetua izan behar dugu».
Pernando Barrena ezker abertzaleko kideak, berriz, Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batean esan du «egoerak eskatzen duen maila» erakutsiko duela Amaiurrek Espainiako errege Juan Carlos Borboikoarekin biltzen denean. Espainiako Estatuaren «bermatzailea» denez, Amaiurreko ordezkariek azalduko diote «bake prozesua atzera bueltarik gabekoa» dela eta Espainiako Estatuarentzat ere «interes handieneko» gaia dela.
Era berean, ezker abertzaleak PPrekin harremanak hasteko «interes handia» daukala adierazi du Barrenak, baina, «tamalez», saio horiek ez direla emankorrak izan.
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak
EAk dio abertzaleen elkarlanerako garaia dela
Urizarrek adierazi du «aukera asko» daudela Eusko Jaurlaritzako hurrengo lehendakaria independentista izateko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu