"Albiste desatsegina izan da", azaldu du Iker Ruiz de Eginok, Europa Press-entzat egindako adierazpenetan. EAko sektore kritikoak joan den uztailaren 16ko epaiari jarritako helegiteaz ari da Ruiz de Egino, kritikoek jakinarazi baitute atzo gauean jarri zutela errekurtsoa.
Ekainaren 17an amaitu zen epaiketa, eta joan den uztailaren 16an jakinarazi zuten epaia: sektore ofizialak zuen arrazoia, epailearen arabera. Hau da, Gasteizko lehen auzialdiko epaiketak ebatzi zuen ez zela bidegabea izan EAko alde ofizialaren jardunbidea, eta ez zutela aktarik faltsutu.
Hortaz, Eba Blanco behin behineko idazkari nagusia behin betiko bihurtzeko bidea irekita zegoen, baldin eta kritikoek helegiterik jarri ez balute. Datorren astelehenera arteko tartea zuten horretarako, eta BERRIAri jakinarazi diotenez, atzo gauean jarri zuten errekurtsoa. Horrek luzatu egingo du alderdiak jarduera arrunta egin ahal izateko bidea.
"Lotsa apur bat"
Ruiz de Egino Nazio Batzorde Eragileko bozeramailek esan du "tristuraz" hartu dutela albistea, eta "lotsa apur bat" ematen diela prozesu judiziala luzaraztak: "Kontziente gara Euskal Herrian zein egoera bizitzen ari garen koronabirusagatik, eta zein nolako osoasun eta ekonomia krisia dagoen. Konponbidearen parte izan nahi dugu".
Gainera, bozeramailearen arabera, EAko militantziak "gainditua" du EAk EH Bildun izan beharreko rolari buruzko gogoeta eta eztabaida.
Auziaren jatorria
Besteak beste, horixe da EA barneko ika-mikaren jatorria: zein nolako garrantzia izan behar duen alderdiak EH Bildu barnean. Halere, azalean eta forman, bestelakoa izan da auzi judiziala.
Auziaren azalean, afiliatuen datuen erabilera dago. Sektore kritikoak salatu zuen eguneratu gabe dagoela datu basea, eta, lurraldeetako koordinatzaileek datuak eskatu arren, zuzendaritzak ez dituela haien eskura utzi, alderdiaren «kontrola» ez galtzeko. Hori frogatzen ahalegindu ziren epaiketan.
Pello Urizarrek dimisioa eman ostean, hiru hautagai aurkeztu ziren prozesura pasa den urrian: Eba Blanco, Maiorga Ramirez eta Juan Luis Cristobal Zendoia. Bai Ramirezen eta bai Zendoiaren hautagaitzak, ordea, baliorik gabe utzi zituen EAko hauteskunde antolaketa batzordeak, baldintzak ez zituztela betetzen argudiatuta. Batzorde horren arabera, Ramirezek ez zuen bete herrialde bakoitzeko gutxienez bost abal lortzeko baldintza, eta, gainera, aurkeztutako 400 abaletatik 21 irregularrak ziren. Hortaz, hauteskunderik gabe Blanco izendatu zuten idazkari nagusi, joan den urriaren 29an.
Prozesua bidezkoa ez zela izan argudiatuta, ordea, kritikoek auzitegira jo zuten, eta, hortaz, Eba Blanco idazkari nagusia izendatzeko bidea luzatu egin da. Are gehiago orain, helegitea jarrita.