Joan den astelehenean, Gasteizko Auzitegiak behin-behinean baliogabetu zuen Eba Blancoren izendapena EAko idazkari nagusi gisa, sektore kritikoak eginiko eskaria aintzat hartuta. Epaileak erabaki zuen litekeena dela Maiorga Ramirez sektore kritikoko hautagaiaren eskubideak urratu izana, eta, auziaren funtsaz erabaki bitartean, baliorik gabe utzi zuen Blancoren izendapena.
Gaur, Ramirezek berak elkarrizketarako deia egin du, eta agindu du «bide guztiak» zabalduko dituela krisia akordioaren bidez ixteko: «Alkartetxeek transmititzen digutena da haien borondatea dela Eusko Alkartasunaren krisiaren irtenbidea adostua izatea, elkarrizketaren bidez. Ildo horretan, konpromisoa hartu dut nire indar eta gaitasun guztiak jartzeko elkarrizketa foro bat sortze aldera, EAren erronka guztiak landuko dituena».
Uste du alderdikideek «ikuspegi mingarria» dutela EAk azken asteetan eman duen irudiarekiko, eta erantsi du ikusmolde hori «irauli» egin behar dela «itxaropenerantz eta ilusiorantz».
Urriaren 25ean primarioen bozketarik ez zenez egin, Ramirezek proposatu zuen azaroaren 24an egitea hauteskunde primarioak, datorren igandean. Azaldu du proposamen horrek ez duela aurrera egin, baina "akordioa eta elkarrizketa bilatzeko konpromisoa" berretsi du. Ez du zehaztu elkarrizketa hori zer formulazioren arabera edo zer esparrutan izan litekeen, baina gaineratu du «elkarrizketa bide guztiak» zabaldu nahi dituela gatazka atzean uzteko.
Era berean, EAren «beharra eta potentzialtasuna» nabarmendu du Ramirezek, eta konbentzituta agertu da krisitik «indartuta» irtengo dela alderdia.
Ekainean sakondu zen EAko sektoreen arteko arrakala, Pello Urizarrek idazkari nagusi kargutik dimisioa ematean. Hauteskunde primarioak egiteko prozesu bat zabaldu zuen alderdiak aurrenekoz, baina Hauteskundeen Antolaketa Batzordeak baliogabetu egin zuen Ramirezen hautagaitza, argudiatuta ez zuela bete herrialde bakoitzean bosna abal lortzeko baldintza. Alderdiko Berme Batzordeak, ordea, arrazoia eman zion Ramirezi.