«Ilusioz hartu ditugu egunotan Nafarroan eragile ezkertiar eta abertzaleak biltzeko asmo berriak». Bakartxo Ruiz Hamaika Bil Gaitezen herri ekimeneko kideak eta Nekane Garmendia Ezker Soberanista Eraikitzen-eko ordezkariak Iruñeko azken egunotako mugimendu politikoak izan zituzten hizpide atzo. Argi utzi nahi izan dute azken hilabeteetan egin duten lana «hauteskundeen lehiatik haragokoa» izan dela, baina, era berean, nabarmendu dute 2011ko foru hauteskundeetan ezkerreko eremu abertzalea batera aurkezteak «aukera paregabeak» ireki ahal dituela. Hala, «mezu irmoa» helarazi nahi izan diete alderdiei: «Eusko Alkartasuneko, Aralarreko eta ezker abertzaleko zuzendaritzei biltzeko aukera balia dezatela eskatu nahi diegu, hori baita Nafarroan aro berri bati ateak irekitzeko modurik eraginkorrena».
Igandean, ezker abertzaleak Nafarroa XXI proposamen politikoa aurkeztu zuen, eta bertan, besteak beste, hurrengo hauteskundeetan «subjektu politiko bateratu» bat aurkeztea proposatu zien EAri eta Aralarri. Testuinguru horretan, azken hilabete eta erdian, Furgobira ekimenaren bidez, Nafarroako herrietan barrena Nafarroako aldaketa politikoaren aldeko sinadurak biltzen ibili dira Hamaika Bil Gaitezen eta Ezker Soberanista Eraikitzen herri ekimenak. Milaka sinadura biltzeaz gain, herritarren iritziak jaso dituzte.
Furgobiraren bidez, egiaztatu ahal izan dute aldaketa politikoaren aldeko aldarrikapenak «gorputza» hartu duela. Era berean, alderdien artean eman diren mugimenduak ilusioz hartu dituzte, eta, horregatik, alderdiei «ausardiaz» jokatzeko mezua eman nahi izan diete: «Behingoagatik, alderdi interesak albo batera utzi eta, herri moduan, oinarri ezkertiarren barnean Nafarroa berri bati hauspoa eman dakioke».
Hilabeteak iragan dira Hamaika Bil Gaitezen eta Ezker Soberanista Eraikitzen sortu zirela, eta gogora ekarri dute Ruizek zein Garmendiak garai hartan antzeman zituztela esparru abertzale eta ezkertiarrean mugimenduak eta horiek aro berri bati ateak ireki ahal zizkiotela. Euren helburua hainbat ekimenen bidez norabide horretan bultzatzea izan da, eta hauteskundeetatik haragoko ikuspuntuarekin aritu badira ere, biek uste dute garrantzitsua dela bozetara begira alderdiak biltzea eta hitz egitea. «Herritarron nahiak eta beharrak asetzeko garaia dela deritzogu».
«Une historikoa»
Euren ikuspuntutik, alderdiak biltzeak hauteskundeetan «alternatiba oso bat» osatzeko bidea erraztuko du, eta, horregatik, «une historikoak eskatzen duen exijentzia mailarekin bat egiteko» eskatu diete alderdiei. «Akordioak egin itzazue, egungo egoerak tamainako politikariak behar ditu, aro berriari ilusioz eta indarrez heldu nahi bazaio».
Akordioak errazteko asmoz, orain arteko bidean sakonduko dutela adierazi dute, besteak beste, herritarren hitza hartzeko egitasmoak bultzatuz. Hala, abenduaren 3an, aldaketa sozial eta politikoaren alde, bat egin dezagun lelopean, 17:00etan Golemetik aterako den manifestazioan parte hartzera deitu dituzte «pentsamendu ezkertiar eta abertzaleko alderdi guztietako oinarriak».
EAri, Aralarri eta ezker abertzaleari «aukera baliatzeko» eskatu diete
Hamaika Bil Gaitezen eta Ezker Soberanista Eraikitzen herri ekimenek «ausardiaz» jokatzeko deia egin diete hiru alderdiei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu