Osasun arloa

Ebakuntza egiteko atzerapena 50 egunean mantendu du Osakidetzak

Ebakuntza kopuruak %4 egin zuen gora iaz, 4.550 gehiago egin baitziren.

aitor biain
2016ko urtarrilaren 21a
12:27
Entzun

Ebakuntza egiteko itxaron beharreko egun kopurua mantendu egin da Osakidetzan, iazko datuekin alderatuta: batez beste, 50 egun izan dira, ebakuntza kopuruak gora egin arren. Izan ere, kirurgia jarduerak gora egin zuen iaz: 4.550 ebakuntza gehiago egin ziren; %4 gehiago, 2014an baino. Horrez gain, hamar ebakuntzatatik sei egun berean egin ziren, hau da, ospitaleratu gabe. Halaber, ebakuntza egiteko zain dauden herritarren kopurua ere egonkortu egin da: 17.725 pertsona daude egun itxaron zerrendan.

Gauzak horrela, 2015a urte “ona” izan dela azpimarratu du Jon Etxeberria Osakidetzako zuzendari nagusiak, iazko urtearen balantzea egiteko orduan, eta egindako “ahalegina” nabarmendu du. “Jarduera handitu arren, gure kalitate parametroei eusten diegu oraindik, 55 egunetik behera mantentzen baita atzerapena”. Atzerapen handiena duen arloa traumatologia da (62 egun) ,eta txikiena duena, berriz, oftalmologia (39 egun).

Lehen mailako arreta kontsultek izan duten igoera ere (%5 gehiago) nabarmendu dute Osakidetzako arduradunek. Batez ere, telefono bidezko kontsulten hazkundea. Izan ere, hamar kontsultatik bi telefonoz egin ziren. Bestalde, webgunearen erabilera ere azpimarratu dute. Izan ere, 500.000 lagunek erabili zuten Osakidetzaren webgunea iaz lehen mailako arretarako hitzorduak eskatzeko. Guztira, 1.600.000 hitzordu baino gehiago eskatu ziren webgunearen bitartez.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.