EB Europako Batasuneko 27 herrialdeek %20 gutxituko dituzte gas isurketak 2020rako, baldin eta nazioarteko beste eragile batzuek ez badute konpromiso handiagoa hartzen. Kasu horretan %30 murriztuko lukeela iragarri du. 2050erako, ordea, isurketak %80 gutxituko ditu, onartu berri duen planaren helburuak betetzen badira. Iaz, isurketak %17 txikiagoak izan ziren EBn 1990ean baino.
Europako Batzordearen ustez, helburu horiek «kostu handirik gabe» bete ditzake baldin eta 2050ean karbono gutxiko ekonomiarako bide orriaren eta 2011rako eraginkortasun energetikorako planaren aholkuak betetzen badira. Bi txostenhoriek Europako Parlamentuaren bilkuran aurkeztu zituen atzo. Helburuak pixkanaka betetzearen aldeko apustua egin du Europako Batzordeak: %40 2030ean, %60 2040an eta %80 2050ean.
Atentzioa ematen du, ordea, 2020rako jarri duen erronka eskasak. Izan ere, egungo isurketa mailari eutsiko lioke, ia jaitsierarik gabe. Alabaina, energia eraginkortasunaren konpromisoa betetzen bada isurketak %25 aise jaitsi ahal izango dituela uste du Europako Batzordeak.
Kontua da Europako Batzordeko adituek uste dutela energia aurreztearen planaren helburua ez dela beteko. Izan ere, plan hori betetzea edo ez borondatezkoa da. Hortaz, murrizketa %30ekoa izateko karbonoaren merkatuko isurketa baimen batzuk 2013rako kendu beharko lituzkeela uste du Europako exekutiboak. Neurri horren arabera, CO
Hasieran, Connie Hedegaard Klimaren Aldeko Ekintzarako komisarioak 500 eta 800 milioi arteko baimen isurketa ezabatu nahi zuen 2013 eta 2020 artean. Industriaren eta agintari batzuen presioaren eta haserrearen ondorioz, atzera bota du hasierako proposamen hori, eta kopuru finkorik gabeko plana aurkeztu du.
EBk 2.000 milioi isurketa eskubide ditu 12.000 instalazio industrialentzat. Guztira, 90.000 milioi euroko kostua dute, urtean. Baimen bakoitzak eskubidea ematen du tona bat CO
Europako Batzordeak uste du hurrengo 40 urteotan 270.000 milioi euro inbertitu beharko dituztela energia berriztagarrietan, sare inteligenteetan eta karbonoa bildu eta gordetzeko tekniketan. Petrolioaren eta gasaren inportazioan ere 175.000 eta 320.000 milioi euro aurreztuko dituzte urtean,EBko exekutiboaren arabera.
Ekologisten kritika
Europako erakunde ekologistek kritikatu egin dute EBren plana, ez dela nahikoa iritzita. Friends of the Earth Europek ohartarazi du planarekin ez direla beteko nazioarteko konpromisoak eta ez direla geratuko kliman izaten ari diren eragin gogorrak. Greenpeaceren arabera, %30eko murrizketa martxan jartzeko inoizko egoerarik onena dago. Europako Parlamentuko Berdeek «seinale txartzat» jo dute hasierako helburuetan atzera joan izana.