Emakumeen aurkako indarkeria

EBk baztertu egin du andreei doan jartzea laguntza juridikoa

Europako Parlamentuak neurri gehiago galdegin ditu genero indarkeria jasan dutenentzat, baina proposamenak apalduta

Garikoitz Goikoetxea.
2011ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Emakume izateagatik indarkeria pairatu dutenei doako laguntza juridikoa emateari muzin egin dio Europako Batasuneko Parlamentuak. EBko herrialdeei eskatu die hartzeko neurri gehiago indarkeria klase hori jasaten dutenak babesteko, baina hasierako proposamenak apaldu egin ditu azkeneko bozketan. Hiru eskari egin dizkie herrialdeei: doako laguntza psikologikoa ematea andreei, laguntza juridikoa eskaintzea —ez debalde— eta indarkeria jasan duten andreentzako harrera etxeak jartzea. Emakumeen aurkako indarkeriari aurre era bateratuagoan egiteko eskatu diete batasuneko herrialdeei.

Herrialdearen arabera, desberdina da emakumeen aurkako indarkeriari Europan ematen dioten tratua. Gaur egun, oraindik ere, badira herrialdeak andreen aurkako indarkeria propio delitutzat jotzen ez dutenak. Hori aldatzeko eskatu du parlamentuak: «Andreen aurkako indarkeria da giza eskubideen urratze larrienetako bat», dio onartutako testuak. Hartara, nabarmendu du ez dela bidezkoa tradizioa eta erlijioa aitzakiatzat erabiltzea emakumeen aurkako erasoak gutxiesteko.

Argitara atera behar dute horrelakoek, parlamentuaren arabera: «Isilpean gertatzen dira indarkeria kasuak». Estatuei esan diete hezteko behar bezala funtzionarioak, eta Poliziaren esku jartzeko horrelakoetan nola jokatu jakiteko irizpideak.

Laguntzak eskatu bai, baina horiek egikaritzeko eskarietan atzera egin du Europako Batasuneko Parlamentuak. Laguntza psikologikoa doan ematearen alde egin du, baina ez arreta juridikoari dagokionez. Jatorrizko testuak, Emakumearen Eskubideen Batzordeak egindakoak, horren alde egiten zuen, laguntza juridikoa doakoa izatearen alde. Parlamentuaren gehiengoak, ordea, muzin egin dio eskariari: 344k egin dute aurka, 295ek alde, eta 22k abstentziora jo dute.

Erasotzaileak zigortzeko deia

Genero indarkeriari buruzko datu gordinak azaleratu dituzte parlamentuan. Hainbat ikerketaren berri emanda, ondorioa atera dute: Europako Batasunean, lau emakumetik batek jasan du inoiz genero indarkeriagatiko eraso fisikoren bat, eta hamarretik batek, sexu erasoren bat.

Indarkeria jasan dutenei ez ezik, hori jasanarazi dietenei ere erreparatzeko eskatu du EBk, eta zigortzeko egiaz gizon erasotzaileak: «Egin duten delituaren araberako zigorra jaso behar dute, eta herrialdeek bermatu behar dute hori», dio ebazpenak. Testuaren egileak, Eva-Britt Svenssonek, esan du ezinbesteko direla neurri gehiago: «Indarkeria mota honen aurka egiteko zuzentarau bat beharrezko dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.