EBko kritikoek alderdia «berriro sortzeko» prozesu bati ekin diote

Kritikoen barnean beste zatiketa bat gertatu da, eta Erabaki izeneko ildo berriak Bilduren aldeko botoa eskatuko du

Madrazo eta Llamazares, atzo, EBren batzarrean. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Irune Berro Urrizelki.
Bilbo
2011ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Ezker Batuko Kontseilu Politikoko zenbait kidek deituriko ezohiko batzarra egitean alderdi barruko haustura ofizial egingo zela jakina zen aurrez ere. Mikel Arana Ezker Batuko koordinatzaile nagusiak, IU Izquierda Unidaren Zuzendaritza Federalaren babesarekin, halaxe gertatuko zela iragarri baitzuen duela egun batzuk.

Alabaina, ustekabea beste sektore batek eman zuen atzo: CCOOko zuzendaritzako kide Jesus Uzkudunek ordezkatzen duen Erabaki ildoak EB utzi, eta botoa Bildurentzat eskatuko duela iragarri zuen. EBko hamabost bat militantek osatzen dute Erabaki taldea. Ez datoz bat «ez Aranak ordezkatzen duen sektorearekin ez Navasek gidatzen duenarekin ere». Eta «EBren hondamendiaren» ondoren, «euskal ezkerraren fronte zabal bat sortzeko apustua» egingo dutela adierazi zuten atzo. Orobat, deia egin zieten EBko militanteei Erabaki taldera biltzeko, eta «EBren sorrerako helburuen alde lan egiteko».

Javier Madrazo koordinatzaile nagusi ohiaren aldekoek, Jose Navas EBko Kontseilu Politikoko kidea buru dutenek egin zuten EBren VIII. Batzar Orokorrerako deia. Eta atzo goizean egin zuten, Bilboko Euskaldunan. Alderdia «berriro sortzeko» prozesu bati ekin diote. 2012an amaituko dute, eta handik jaiotako plataformak«izen, helburu eta Euskadin politika egiteko molde berriak» izango dituela esan zuen Navasek.

Nolanahi ere, ez zuen argitu azaroaren 20ko hauteskundeetara zein siglapean aurkeztuko diren, eta EB izena baliatuko dutela iradoki zuen. «Gu EB gara», nabarmendu zuen irmo. «EBren izenean ari gara batzarra egiten, eta EB garela aterako gara hemendik», esan zuen kazetarien galderei erantzunez.

Koordinatzaile nagusirik ez

Aurrez, EBko delegatuen aurrean egindako hitzaldian, Mikel Arana batzarrean ez izateari «tamalgarri» iritzi zion Navasek, «eskuinaren oldarraldiari erantzuteko, indarrak batzeko garaia delako». «Iraultza baketsu eta demokratiko» baten alde egingo dutela adierazi zuen, «ezkerraren esparru instituzionala indartzeko, eta hartara bankuen, merkatuen eta patronalaren erasoak geldiarazteko ahalmena izateko».

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 200 bat delegatuk parte hartu zuten atzoko batzarrean. Arratsalde erdian amaitu zuten, eta %93,5ek babestu zuten alderdia ostera sortzeko Kontseilu Politikoak eginiko proposamena. Estatutuak moldatzea, eta koordinatzaile nagusiaren kargua kentzea erabaki zuten, halaber.

Lehen lerroan eserita izan ziren Javier Madrazo EBko koordinatzaile nagusi ohia eta Gaspar Llamazares Espainiako Kongresuko IUko diputatua. Dena dela,atzoko batzarra ez du onartzen IUk, eta bertan hartutako erabakiak ez ditu aintzat hartuko Cayo Lara Espainiako IUko koordinatzaile nagusiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.