EBZk %3raino igo ditu interes tasak

Europako Banku Zentralak iradoki du etorkizunean diruaren prezioak gora egiten jarraituko duela

joxerra senar
2006ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Ez da inolako ustekaberik egon. Bi urte eta erdi diruaren prezioa %2an eduki ostean, abenduan puntu laurden igo zituen interes tasak Europako Banku Zentralak, eta geroztik hiru hilean behin erabaki bera hartu du. Azkena atzo bertan hartu zuen EBZko gobernu kontseiluak, eta orain interes tasak %3an daude. 2002. urte amaierara atzera egin behar da tasak maila horretan ikusteko. Baina ez dira oso luzaro egongo. Jean Claude Trichet EBZko presidenteak iradoki du igoera gehiago etorriko direla. Inflazioaren bilakaera oso gertutik zaindu behar dela adierazi du.

Abenduaz geroztik diruaren prezioa %1 igo bada ere, Trichetek nabarmendu du oraindik ere «erosoa» izaten jarraitzen duela. Orain arteko igoerak hiru hilean behin hartu dituenez, kazetariek hurrengo igoera urrian etorriko den eta neurri hori planifikatua duten galdetu diote. Trichetek argi eta garbi utzi du EBZren erabakiek ez dutela aurretik inolako plangintzarik, unean uneko errealitate ekonomikoaren azterketetan oinarritzen direla.

INFLAZIOA BURUKO MIN. Nahiz eta urte hasieratik interes tasak igotzen joan diren, neurriok ez dute lortu inflazioa erabat kontrolpean edukitzea. Kontsumo prezioek daukate kezkatuta banku zentrala. Hego Euskal Herrian ekainean %3,8an zeuden, eta eurogunean, oro har, %2,5ean. Hain zuzen ere, euroaren eremu osoan etorkizunean (epe motzera eta luzera) prezioen egonkortasunari eustea da EBZren xede nagusia, horrek hazkunde ekonomiko iraunkorrari eta enpleguen sorrerari lagunduko dielako. Ekinbide horretan buru-belarri sinesten du EBZk, «eta ikuspuntu horrekin bat datoz banku zentral guztiak».

Etorkizuneko prezioen gain dagoen mamu nagusia petrolioa da. Ez bakarrik petrolioa are gehiago garestitu daitekeelako, bere ondorioak orain arte baino azkarrago eta gehiago zabaldu daitezkeelako beste kontsumo prezioetara. Era berean, EBZk arriskutzat dauzka zeharkako zergek gora egitea eta soldatak espero baino gehiago handitzea.

Prezioen gaineko beste arrisku bat diru masa da, euroaren eremuan zirkulazioan diren billete, txanpon eta mailegu guztien kopurua, alegia. Uneotanfinantza erakundeen sektore pribatuari (hala enpresa nola norbanakoei) banatutako maileguak urtean %10etik gorako erritmoan handitzen ari dira. EBZk adierazgarritzat jo du hipoteken bilakaera batez ere , eta etorkizuna mehatxatzen duten beste arrisku faktore bat dela adierazi du.

EBZk ikusten du tartea badagoela tasak igotzeko, hamabi herrialdeetako ekonomia sendo hazten ari delako, eta euroguneko enpresen eta kontsumitzaileen konfiantza indizea azken hiru urteetako handiena delako.

Espainiako Kongresuko EAJren eledun Pedro Aspiazuk esan du interes tasak %3an egotea «ona» dela, Hego Euskal Herriko eta Espainiako inflazioa kontrolatzeko. «Logikotzat» jo duEBZk tasak igotzen jarraitzea AEBetako Erreserba Federalaren erabakiekin «paraleloan» eutsiko liokeelako.

Burtsek gaizki erreakzionatu dute. Ez espero ez zutelako, EBZrekin batera, Ingalaterrako Bankuak Erresuma Batuko tasak puntu laurden % 4,75eraino igo dituelako baizik. Ibex-35 %0,53 jaitsi da, eta EuroStoxx-50, berriz, %0,77.

Arrazoiak eta arriskuak

Petrolioaren prezioa da arrisku nagusiaInflazioa. Prezioak kontrolpean eduki nahi ditu EBZk. Oraingoz, euroguneko inflazioa %2,5ean dagoenez, horregatik igo ditu tasak batez ere.

Hazkunde ekonomikoa. Dirua garestitzeak inbertsioei eta kontsumoari kalte egin diezaieke (eta, ondorioz, hazkunde ekonomikoari), baina oraingoz datuek diote lehen hiruhilekoan euroguneko ekonomia %0,6 hazi zela, udazken arte behinik behin sendo haztea espero dela eta kontsumoa zein inbertsioak ere gora doazela. Bidea libre du EBZk %3ra igotzeko.

Petrolioa. Gorabeherekin, baina petrolioak oso garesti jarraitzen du. Erregaietan eta garraioan ez ezik, eragina beste kontsumo prezioetara zabaltzen ari da, eta, EBZren arabera, arrisku nagusia da.

Diru likidezia. Teoriak dio likidezia handiko ingurune batean prezioek gora egiteko joera dutela, likidezia prezioen erregaia dela. Zirkulazioan den diruaren eta kredituaren masa oso gertutik jarraitzen du EBZk. Ez du uste finantza egonkortasuna arriskuan dela, baina kontsumo kredituen eta hipoteken igoera handia inflazioaren gaineko beste arrisku bat dela deritzo.

Soldatak eta zergak. EBZk ez du begi onez ikusten soldatak espero baino gehiago igotzea, horrek prezioak are gehiago igo ditzakeelako. Are gehiago, banku zentralak gomendatzen die hamabi gobernuei lan merkatuak gehiago malgutzeko. Era berean, zeharkako zergen igoeraz ere ohartarazten du.

Nazioarteko egoera. EBZren arabera, Ekialde Hurbileko egoerak oraingoz ez du kalterik egin ekonomian, baina etorkizunean oso kontuan hartu beharreko arriskutzat dauka, merkatuak, inflazioak eta ekonomiak nabaritu dezaketelako.

Dohako Erronda. Dohako Liberalizazio Errrondaren porrotak neurri protekzionistak bultza ditzakeela eta ekonomiari kalte egin diezaokeela aipatu du.

Zenbateraino

igoko

ditu

tasak?

Adituek aurreikusten dute urtea amaitzerako diruaren prezioa %3,5era igoko duela banku zentralak, betiere petrolioaren menpe.J.S.

Donostia

Behin eta berriz esan du Jean Claude Trichet Europako Banku Zentralako presidenteak erakundeak etorkizunean hartuko dituen erabakiak ez daudela aurreikusita, baizik eta unean uneko jokaleku ekonomikoaren irakurketan eta analisian oinarritzen direla. «Datuetan, zenbakietan eta gertaeretan». Baina Trichetek oraindik ere diru politika «erosotzat» jo duenez, igoera gehiago etorriko direla espero da. Baina zenbateraino? Hori da jende guztiak egiten duen galdera.

Analista ekonomikoek uste dute datozen bost hilabeteetan beste bi igoera egin ditzakeela EBZk. Adituen kiniela gehienetan, urte amaieran diruaren prezioak %3,5ean amaituko duela agertzen da. Merkatuak ere nolabait mugimendu hori aurreratzen ari dira, eta bankuen arteko Euribor tasa, hipoteken erreferentzia indize nagusia, jada %3,5ean dago. Analistek diote tasa orokorren etorkizuneko bilakaera aurreratzen duela Euriborrak.

David Cano AFIko aholkulariak Efe berri agentziari adierazi dio tasak %3,5era helduko direla abendu amaieran. Baina hortik aurrera, EBZk «tarte txikia» izango duela. Canoren arabera, %3,75eko edo %4ko tasetara iristea «zailago» izango da, munduko ekonomia moteltzen hasiko delako, AEBek tasa igotzeari utziko diotelako eta «inflazioaren arriskuak hain handiak ez direlako». Haren iritziz, «nahikoa dira» puntu laurdeneko beste bi igoera. Canoren iritziz, halaber, neurri horrek familien kontsumo ahalmena eta eraikuntza motelduko ditu, baina ez dago etxebizitzaren burbuila lehertzeko arriskurik.

Beatriz Tejero Inverseguroseko analistaren iritziz, ez du zentzurik, eurogunean %3,25etik gora igotzea interes tasak, baina Ekialde Hurbileko krisiak eta petrolioaren prezioak bere horretan segitzen badute urtea %3,5ean amaituko duela ere uste du. Gogorarazi du tasen igoerak ez direla berehala nabaritzen, bederatzi eta hamasei hilabete arteko epean baizik. Dena den, Tejerok ez du uste Espainiankontsumoak eta eraikuntzak «hondamendirik» jasango dutenik.

BBVAko Jose Luis Escrivak ere uste du %3,5era helduko dela, baina ohartarazi du hurrengo urtean %4ra ere igo daitekeela hazkunde ekonomikoa %2tik gora bada eta petrolioak garesti jarraitzen badu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.