Aurrerantzean, edoskitze geletan ez ezik, udalaren eskumeneko instalazio guztietan ere eman diezaiekete bularra andreek beren haurrei. Hala baimendu zuen atzo Bilboko Udalak. Azken asteetan piztutako tirabiren harira, udal gobernuak tentuz jokatu nahi izan du, eta «sentsibilitate» neurri gisa hartu du erabakia. Oihane Agirregoitia Berdintasun zinegotziak nabarmendu duenez, edoskitzea «jarrera naturala» da, eta errealitate baten inguruko neurriak hartu dituzte. Titia edonon ematea arazo izan ez dadin, Agirregoitiak uste du «baldintza egokiak» jartzeko «betebeharra» duela. Hartara, leku denetan normalizatu ahalko da.
Edoskitze gelak dituzten eraikinetan, ez da inongo aldaketarik izango. Funtzionamendu eta zerbitzu bera emango dute, betiere horietara joatera derrigortu gabe. Orain arte, edoskitze geletan bularra ematea beste aukerarik ez zuten emakume askok. Hemendik aurrera, ordea, ez dute aparteko mugarik izango. Gurasoek beraiek erabaki beharko dute gela horiek erabili edo ez. «Erosoen iruditzen zaiena». Gune publikoetan baimentzeak oztopoak saihestuko ditu, Agirregoitiaren esanetan. Izan ere, zenbait alditan «trabak» jarri dizkietela salatu dute; azkena, iragan azaroan.
Oztopoak Alondegi inguruan
Bilboko Alondegi inguruan seme-alabekin ibiltzen diren lau emakume kexu azaldu ziren ez zietelako utzi edoskitze geletatik at bularra ematen. «Haurrentzako gunean zeudela, Alondegiko langile batek esan zien han ezin zutela titia eman», salatu du Begoña Montillak, Muxuz Muxu taldeko kideak. «Eskubidea» galarazi zietela eta, duela bi aste elkarretaratzea egin zuten Bilbon gertaera salatzeko. Sinadurak bildu zituzten, Alondegiko kudeatzaileei aurkezteko. EAEko Arartekoarengana jotzeko asmoa ere agertu zuten.
Edoskitze geletatik at haurrei bularra ematea baimendu du Bilboko Udalak
Emakumeek udalaren instalazio orotan eman ahalko diete titia umeei; «sentsibilitatea» agertu nahi izan du gobernuak

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu