Egia jakitearen alde elkartu dira

Haur lapurtuen auzian salaketa kopuruak gora egingo duela iragarri du Flor Diazek, Gasteizen eginiko elkarretaratzean

SOS Haur Lapurtuak deitutako elkarretaratzea, atzo, Gasteizko Andre Mari Zuriaren plazan. DAVID AGUILAR / EFE.
Erredakzioa
Gasteiz
2012ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
«Egia jakiteko eskubidea» aldarrikatu dute hainbat pertsonak Gasteizko Andre Mari Zuriaren plazan, SOS Haur Lapurtuak elkarteak deitutako elkarretaratzean. Flor Diaz elkarteko presidentearen iritziz, Bizkaian eta Gipuzkoan hiru hilkutxa hutsik topatu izanak «psikosi moduko bat» eragin du kaltetuak izan daitezkeenen artean; horrek salaketa gehiago jartzea eragin dezake, Diazen arabera. Hiru hilkutxak hutsik topatu zituztenetik, elkartearen telefonoa «etengabe» jotzen ari dela esan du Diazek, eta salaketa jartzera aholkatu dituzte kaltetuak izan daitezkeela susmatzen dutenak.

Ume lapurtuen auziaren ikerketa errazteko, sail arteko batzorde bat sortu du Jaurlaritzak; batzorde horrek atzo egin zuen aurreneko bilera, SOS Haur Lapurtuak eta Anadir elkarteetako ordezkariekin. Kasu bakoitza «azkeneraino» ikertuko duela agindu zien Eusko Jaurlaritzak elkarteei. Idoia Mendia Jaurlaritzako eledunaren arabera, asmo horren adibide da oso salaketa gutxi artxibatu direla Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. «Oso salaketa gutxi artxibatzen dira, kasuak amaieraraino eramateko agindua eman baitzaie epaileei eta fiskalei», adierazi zuen Mendiak.

Erakundeak «bat eginda» daude gertatua argitzeko, Jaurlaritzaren arabera. Gainera, osasun edo justizia arloan informazioa eskuratzeko trabak topatzen badituzte, oztopoei eman beharreko erantzuna azkarragoa izango dela iragarridu Mendiak. Zailtasun ekonomikoen eta bilerak egiteko leku faltaren berri eman diote elkarteek Jaurlaritzari, baina Mendiak adierazi du Jaurlaritzak ezin diela eskari horiei erantzun.

Eusko Jaurlaritzaren jarrera dela-eta «harrituta eta esker oneko» azaldu da Anadir elkarteko Fernando de la Sotilla. Ume lapurtuen auzia argitzeko, erakunde publikoen laguntza beharrezkoa dela adierazi du De la Sotillak, eta Eusko Jaurlaritza laguntzen ari dela erantsi du. De la Sotillaren arabera, ikerketa «hasi besterik» ez da egin, eta jakinarazi du elkartea Espainiako Justizia Ministerioarekin bilera bat egitekotan dela.

Jarduera «serioa»

SOS Haur Lapurtuak elkartearekin lankidetza esparru bat ezartzeko eskatu dio EAJk Eusko Jaurlaritzari. «Gertakariak argitzen lagunduko duten lankidetza mekanismoak egituratzea» da esparru horren helburua, EAJko legebiltzarkide Ane Urkiolak esan duenez. Salaketak eta susmoak larriak direla nabarmendu du Urkiolak, eta, beraz, jarduera «serioa» egiteko eskatu die Jaurlaritzari eta Eusko Legebiltzarrari: «Erakunde publikoei eska dakieke euren eskumeneko esparruan gertakariak argitzeko lana egin dezaten, [haur lapurtuen auzia] oinarrizko giza eskubideen urratze argia baita».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.