Ram Manikkalingam, Ronnie Kasrils eta Chris Maccabe Nazioarteko Egiaztatze Batzordeko kideek Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Ismael Morenoren aurrean deklaratu dute, ETAren desarmatzearen inguruan azalpenak emateko. Hainbat informazio argitaratu dira batzordeko kideek deklaratutakoaren inguruan, baina, bart goizaldean igorritako ohar baten bidez, deklarazioari buruz esandakoak gezurtatu dituzte.
Horren harira, egiaztatzaileek eskatu dute ez nahasteko desarmatzearen lehen urratsa gauzatzeko erari buruzko eztabaidan, eta hori bigarren mailakotzat jo dute.
Agiri horretan, ohartarazi dute egungo egoeran "ia ezinezkoa" dela ETAren desarmatzea gauzatu dadin lanean jarraitzea, eta nabarmendu dute ez dagoela munduan beste lekurik non erakunde armatu batek armak eman nahi eta ez duen erakunde ofizial baten babesik.
Egiaztatzaileek adierazi dute "egiazko aukera" dagoela ETAk arma guztiak erabileratik kanpo uzteko eta hori egiaztatzeko. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza idazkariak babesa adierazi diete hirurei auzitegiaren atarian.