Espainiako Gobernuak ez du adierazpenik egin Nazioarteko Egiaztatze Batzordeari buruz, ETAren su-etena egiaztatzeko bere burua eskaini duen batzordeari buruz, eta saihestu egin du hura onartzeko hainbat eragilek eta bereziki ETAk eginiko deia. PSOEk eta PPk garrantzia kendu diote ETAk batzordeari lagunduko diola iragarri izanari, eta EAJk «zalantzak» agertu ditu. Bilduk, berriz, konponbide prozesuan «urrats erabakigarria» dela nabarmendu du, eta Espainiako Gobernuari dei egin dio «bake bidean» pausoak emateko.
Gaur astebete aurkeztu zuten euren burua Egiaztatze Batzordeko kideek, eta larunbatean ETAkontzat jo zuen batzordearen sorrera, BERRIAri bidalitako agiri batean. Gainera, haren zereginean «laguntzeko konpromisoa» hartu zuen, eta Espainiako eta Frantziako gobernuei dei egin zien Egiaztatze Batzordea onartzeko.
ETAren erabakiaren berri gertaera ugariz jositako aste batean eman dute. Joan den asteko igandean, EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak bat egin zuen Gernikako Akordioarekin; asteartean, Nazioarteko Egiaztatze Batzordea aurkeztu zen; ostegunean, Patxi Lopez euskal presoen «gerturatze progresiboaren» alde azaldu zen Eusko Legebiltzarrean eginiko politika orokorreko saioan; eta larunbatean, Ekinek desegin egingo dela jakinarazi zuen, Gara egunkarian argitaratutako elkarrizketa batean.
Ia eragile guztiek txalotu dituzte EPPKren eta Ekinen erabakiak, Espainiako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza barne, eta nabarmendu dute konponbide prozesuan «urrats garrantzitsuak» direla. ETAren erabakiak ere ekarri du erreakzio soka luzea, bainaPSOEk, PPk eta EAJk garrantzia kendu nahi izan diote.
Sozialisten aldetik, Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakari eta PSE-EEko idazkari nagusia mintzatu da bereziki. ETAren agiriak «berrikuntzarik ez» dakarrela eta erakunde armatuaren aldetik espero duen «adierazpen bakarra» amaierarena dela adierazi zuen larunbatean, agiriaren berri jaso zuenean, Madrilen.
El País egunkariak argitaratuta elkarrizketa batean, berriz, Lopezek azaroaren 20ko hauteskundeen testuinguruan kokatu ditu joan den asteko gertakariak. «Kasualitate bat direla esan dut. Baina egia da, halaber, beste batzuetan ikusi dugula ETAk komunikazio estrategia bat duela. Ez dugu maiatzeko hauteskundeetan Bildurekin egin genuen huts bera egin behar: mundu guztia haiei buruz hitz egitea, haiek beren lekutik mugitu gabe merezi ez duten babes soziala jasotzen duten bitartean», adierazi du buruzagi sozialistak.
Rodolfo Aresek, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak, antzeko hitzak izan ditu. Haren ustez, «abertzale erradikalak» egiten ari diren «antzezpen kanpainan» sartzen da ETAren erabakia, eta adierazi du Nazioarteko Egiaztatze Batzordea «abertzale erradikalen eta ETAren arteko bat ez etortzeak» konpontzeko sortu dela. «Lan hori egin nahi badute, egin dezatela; baina demokrazian poliziek egiten dituzte egiaztatzeak», adierazi du.
Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak ere zilegitasuna kendu dio egiaztatze batzordeari, eta Espainiako Gobernuak ez duela bere lana zertan aitortu behar gaineratu du. «Hemen ez da ezer egiaztatu behar», nabarmendu du.
EAJren «zalantzak»
Iñigo Urkullu EAJren EBBko presidenteak larunbatean bertan egin zuen lehen balorazioa, eta ETAren erabakia urrats «baikorra» dela aitortu zuen arren, bere zalantzak agertu zituen. «Espero dut hau guztia ez izatea ezker abertzalearen aldeko hauteskunde kanpainaren parte», adierazi zuen, eta gaineratu ETAren erabakiak ez duela «ezertarako balio» izango datozen asteetan erakunde armatuak ez badu «baldintzarik gabeko eta behin betiko amaiera» iragartzen.
Antzera mintzatu da Josu Erkoreka diputatu jeltzalea. Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batean, Erkorekak garrantzia kendu die Ekinen eta ETAren erabakiei. «Ez dira puztu behar, ez direlako indarkeriaren behin betiko amaieraren iragarpena», adierazi du. «Prozesua alde bakarrekoa bada, hala izaten jarraitu behar du, amaierara iritsi arte», esan du diputatu jeltzaleak, eta nabarmendu du Espainiako Gobernuak ez duela su-etena egiaztatzeko batzorde baten beharrik.
Halaber, urrats horiek guztiak Amaiur koalizioak datozen «hauteskundeei begirako kanpainan diseinatutako urratsak» direla adierazi du Erkorekak. «Hemen badago asmo bat indarkeriaren amaieraz baliatzeko eta hauteskundeetan etekinak lortzeko», esan du.
Oso bestelako ikuspuntua dute Bildu kolazioa osatzen duten indar politikoek. Komunikabideetara bidalitako ohar batean ETAren erabakia «urrats erabakigarria» dela nabarmendu dute, eta Espainiako Gobernuari eskatu diote «bloke estrategia» amaitzeko. «Aukera historiko honen aurrean, Bilduk Espainiako Gobernuari dei egiten dio bake justua eta behin betikoa lortzeko beharrezkoak diren neurriak hartzeko».
Koalizioak dio azken urtean erakunde armatuak «urrats egiaztagarriak» egin dituela konponbide prozesuaren baitan. Besteakbeste, aipatu ditu urtarrilean iragarritako aldebakarreko su-eten egiaztagarri eta iraunkorra, iraultza zerga deiturikoaren amaiera eta Nazioarteko Egiaztatze Batzordea onartu izana.
Lokarrik, berriz, Espainiako Gobernuari dei egin dio Nazioarteko Egiaztatze Batzordearekinkolaboratzeko. Lokarriren ustez, «beharrezkoa» da egiaztatze prozesu bat abian jartzea, «indarkeriaren amaiera iragarriko adierazpenera» eramango duelako horrek.
Egiaztatze Batzordea onartzeko deia saihestu egin du Espainiako Gobernuak
Garrantzia kendu die ETAk su-etena egiaztatzeko proposamena onartu izanari eta hainbat eragilek eginiko eskaerariBilduren arabera, egiaztatzea «urrats erabakigarria» da konponbide prozesuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu