Sortu. 'Bakerantz, legalizazioa' manifestazioa

Egibar: «Ezker abertzaleak otsailaren 7an erabaki zuen ETA desagertzea»

Atzoko manifestazioa ontzat jo du Olanok, «legalizazioaz gain indarkeria amaitzeko ere eskatu delako»

Erredakzioa
2011ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
EAJk ez zuen ordezkaritza ofizialik bidali atzo Bilbon egin zen manifestaziora, baina ez zien militanteei joatea eragotzi. Dena den, EAJ Sorturen legalizazioaren alde azaldu da otsailaren 7an alderdi berriak estatutuak aurkeztu zituenetik. «Ezker abertzaleak otsailaren 7an erabaki zuen ETA desagertzea» azaldu zuen atzo EAJko GBBko lehendakari Joseba Egibarrek, egun horretan iragarri baitzuen bide demokratiko hutsak erabiliko zituela eta indarkeria eta indarkeria erabiltzeko mehatxua, baita ETArena ere, errefusatzen zuela.

Atzoko manifestazioa garrantzitsutzat jo zuen Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanok, Sorturen legalizazioa eskatzeaz gain «ETAri ere armak behin betiko uzteko exijitu diotelako». Olanok azaldu zuen EAJ ez zela manifestaziora joan deitzaileekin desadostasun batzuk izan dituztelako, baina ados agertu zen manifestuaren edukiekin. «Ezker abertzaleak ETAri indarkeria amai dezan eskatzeak —urteetan adorerik izan ez dutela ikusita— esan nahi du herri hau bakearen bidean sartu duela behin betiko», esan zuen Olanok.

«Arazoak ezin dira nahasi»

PSE-EEko bozeramaile Jose Antonio Pastorrek zeharo bestelako ikuspegi bat erakutsi zuen atzo. Sortu legeztatzen duten edo ez euskal politikaren gai nagusi bihurtu nahi dutenak kritikatu zituen, eta «herritarren arazoak» eta «ETAren edo ezker abertzalearen arazo partikularrak» ez nahasteko eskatu zuen.

EAEko PPko buru Antonio Basagoitik, berriz, ezker abertzalea ETAtik ez dela aldendu esan zuen, «ez dutelako gaitzetsi bere izuaren historia, eta ETAk bizirik dirauelako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.