Taldeen txanda

Egibar: "Hautestontzien aurka sortutako gobernuak hautestontzietan hiltzen dira"

35 urtez estrategia politiko-militar bati eutsi eta Eusko Legebiltzarraren aurka egotea egotzi dio Egibarrek (EAJ) ezker abertzaleari. Egungo egoera ekonomikoan EAJk duen ardura nabarmendu du Arzuagak (EH Bildu), eta baketzean oroimenaren beharra defendatu du. Lopezek (PSE) "oposizio arduratsua" agindu du, eta akordioen ordez "atxikimenduak" bilatzea egotzi dio EAJri. Basagoitik (PP) arazo ekonomikoak lehenesteko eta "obsesio banatzaileak" baztertzeko eskatu dio Urkulluri. Maneirok (UPD) azpiegitura "faraonikoen" aurka egin du, eta esan du "arazoa" ez dela euskara, "hizkuntza politika baizik".

jon olano
2012ko abenduaren 12a
08:02
Entzun

Joseba Egibar (EAJ): "Non egon da ezker abertzalea azken 35 urteetan?"

ETAren jardunaz mintzatu zaio Egibar EH Bilduri. Ohartarazi dio gertatutakoaren errelato partekatua egiterakoan ez dela "indarkeriaren justifikaziorik" egingo, eta 35 urtez estrategia politiko-militar bati eustea leporatu dio. "Eskerrak batenbat bitartean lanean zela", gaineratu du, eta hainbat neurri gauzatu diren bitartean ezker abertzalea Eusko Legebiltzarraren aurka egon izana kritikatu du.

Juan Jose Ibarretxe lehendakariak eginiko estatutu proposamenak erabakitzeko eskubidea jasotzen zuela azaldu du Egibarrek, eta salatu du ezker abertzaleak, hiru boto alde eta hiru kontra emanda, finean ez ziola erabakitzeko eskubidea defendatzen zuen testu hari babesa eman. Orain EH Bildu desobedientzia zibilaren alde eta kontzertu ekonomikoaren aurka dagoela esan du Egibarrek, baina kritikatu du Gipuzkoako Diputazioak "txintxo-txintxo" ordaintzen duela bere zatia.

Julen Arzuaga (EH Bildu): "Urkulluren hitzaldiak jarraikortasunaren itxura neketsua du"

Ekonomiak hartu du Arzuagaren hitzaldiaren zati handi bat. Egoera ekonomikoan ardura izatea egotzi dio Arzuagak EAJri, eta Urkulluk goizean azaldutako asmoek "jarraikortasunaren itxura" dutela gaineratu du. "Kapitalaren interesak pertsonen interesen aurretik" jartzea leporatu dio Arzuagak, eta Ertzaintzan eta azpiegituretan murrizketarik ez egitea kritikatu du. Bilbo hegoaldeko ingurabidean —Supersur deiturikoan— eta Bidegin EAJk eginiko kudeaketari ere kritika egin dio.

Baketzeaz, "inolako bortizkeriarik ez, inolako inposiziorik ez" defendatu du Arzuagak. Urkulluk goizeko hitzaldian esan du bakearen legealdia izango dela, baina Arzuagak gogorarazi dio indarkeria guztiak ez direla amaitu. Oroimena defendatu du, "bere historia ahazten duen herria errepikatzera kondenatuta dagoelako". Partekatutako errelato baten alde azaldu da, baina poliziaren indarkeriaren "gehiegikeriak" adieraren aurka egin du. Presoez, Arzuagak gogora ekarri du "erralitate berrira egokitutako espetxe politika" bat defendatu duela Urkulluk, eta galdetu dio ea une politikoaren araberakoak al diren presoen eskubideak.

Patxi Lopez (PSE): "Gure Jaurlaritzak gastua arrazionalizatu du"

Jaurlaritza berria "historiako ahulena" izango dela nabarmenduz hasi du Patxi Lopezek bere hitzaldia. Gobernu sendo bat osatzeko ahaleginik ere egin ez izana aurpegiratu dio Iñigo Urkulluri. Lopezek azaldu du PSE-EEk onartu dituela hauteskundeen emaitzak, eta oposizio "arduratsua", "tinkoa" eta "koherentea" egingo duela.

Hautagaitza aurkeztuta, Eusko Legebiltzarrean goizean eginiko hitzaldia "antzezlana" izatea leporatu dio Laura Mintegiri. "Lanaldi erdiko ezkertiarrak" izatea egotzi dio EH Bilduri, subiranotasuna lehenesteagatik. Gainera, diskurtsoa "berrikusteko" eskatu dio Mintegiri: "Zer da AHTaren 500 milioi euroak beste zerbaiterako erabil dezakegun hori? Diru hori ez da gurea-eta!". "Ipuinak kontatzea" leporatu dio: "Badaude umeak hemen kontatu dituzun ipuinak sinesten dituztenak".

Urkulluri, ordea, esan dio ez duela "errebantxa" oposizioa egingo. "Nik akordioak eskaintzen ditut; zuk, atxikimenduak". Fiskalitatea aldatzeko akordio batera iristea eskaini dio Lopezek, eta zerbitzu publikoak defendatzea galdegin dio: "Ez dira gauzak ongi daudenean mantendu beharreko eta gaizki daudenean kendu beharreko zerbait". Berak zuzendutako Jaurlaritzak, ordea, gastua "arrazionalizatu" egin duela nabarmendu du. Estatus politikoaz, Lopezek esan du PSE hitz egiteko prest dagoela, baina argi hitz egiteko eskatu dio Urkulluri.

Antonio Basagoiti (PP): "Hau ez da Palestina, Kolonbia edo Irlanda"

Antonio Basagoiti PPko ordezkariak ekonomia hizpide hartuta hasi du hitzaldia, eta "adorea" eskatu du arazoei aurre egin ahal izateko. "Erabaki ekonomikoen legealdia" izan behar da, haren ustez. Urkulluri esan dio PPk "oposizio eraikitzailea" egingo duela, baina EAJ eta PP ez direla akordioetara ailegatuko Urkulluk "obsesio banatzaileak" lehenesten baditu.

Baketzeaz, Basagoitik ukatu egin du gatazka bat egon denik, eta esan du "konstituzionalista batek" ez duela inor hil edo ez dagoela ETAren aurkako talde paramilitarrik: "Hau ez da Palestina, Kolonbia edo Irlanda". ETAren indarkeria gaitzesteko eta "historia ez asmatzeko" eskatu dio Mintegiri. Urkulluri, berriz, aurpegiratu dio Jaurlaritzaren jarduna izango dena ez argitzea, eta "lasaitasuna eta konfiantza" ez sortzea egotzi dio.

Estatus politikoa aldatzeko asmoak baztertzeko eta arazo ekonomikoei aurre egiteko eskatu dio Basagoitik Urkulluri, eta azaldu du horren araberakoa izango da PPren jarrera.

Gorka Maneiro (UPD): "Arazoa ez da euskara, hizkuntza politikak baizik"

Murrizketak kritikatuz hasi du hitzaldia Maneirok; neurri "bidegabeak" hartu direla gaitzetsi du, eta bankuak erreskatatu beharrean "herritarrak erreskatatu" behar direla nabarmendu du. Hala ere, mozketak proposatu ditu beste alor batzuetan: diputazioak ezabatzea eta eskumenak berrantolatzea proposatu du. Herri txikiak batzearen alde ere egin du. Fiskalitateari erreparatu dio Maneirok, eta "gehien dutenek gehiago ordaindu dezatela" eskatu du.

Azpiegitura "faraonikoak" egiteari utzi behar zaiola esan du Maneirok, eta adibide gisa jarri ditu San Mames Barria eta Pasaiako kanpoko kaia. Azaldu du halako lanek ez dutela garapen ekonomikorik eragiten, eta "eraginkortasunaren kultura" ezarri behar dela lan publikoetan. Euskararen arloan, "bazterketa" eragiten duten hizkuntza politikei aurre egingo die UPDk: "Arazoa ez da euskara, hizkuntza politikak baizik".

Mintegiz, esan du ezin duela Jaurlaritzako lehendakari izan "ETAren indarkeria ez gaitzesteagatik" eta, hori egin gabe, UPDk eta EH Bilduk ez dutela ezer hitz egiteko. Urkulluz, berriz, esan du harekin bat ez etorri arren "errespetua" diola.

Euskaraz hitz egin dute nagusiki Egibarrek eta Arzuagak, eta gaztelera hutsean jardun dute Basagoitik eta Maneirok. Lopezek hitzaldiaren sarreran eta bizpahiru esaldi gehiagotan egin du euskaraz; gainontzean, gazteleraz. Hautagaiek arratsaldean izan duten txandan, ia hitzaldi osoa gazteleraz egin du Mintegik, eta bi hizkuntzak tartekatu ditu Urkulluk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.