Joseba Egibarrek ez du bere burua aurkeztuko EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidente kargurako. Duela lau urte alderdiko zuzendaritza eta presidentea aukeratzeko egindako barne prozesuan lortutako «adostasuna» ez du hautsi nahi Egibarrek, eta hargatik erabaki du bere hautagaitza ez aurkeztea.«Duela lau urteko barne adostasunak funtzionatu badu, ez dago aldatu beharrik», esan du EAJko GBBko buruak Radio Euskadin.
Alderdiko zuzendaritza berritzeko barne prozesua uda ostean hasiko du EAJk. Duela lau urte zehaztutako ibilbide orria eta ponentzia politikoa «estrategikoki eguneratu» beharko du orduan alderdiak, Egibarrek azaldu duenez. 2007ko barne prozesuan, ordura arte aurrez aurre izandako bi sektoreen arteko lehia leundu eta prozesuari batasunaren bidetik heltzea erabaki zuen EAJk, eta bide horri eutsi nahi dio alderdiak hemendik aurrera ere. Egibarrek azpimarratu du alderdia «batuta eta kohesionatuta» dagoela, eta barruko kritikak eta autokritikak normalak direla politikan.
Udaberrian, berriz, lurralde batzordeetako zuzendaritzak aukeratuko dituzte, eta hitzordu hori «urrun» ikusten du oraindik Egibarrek, eta ez du argitu GBBko presidente kargurako berriro aurkeztuko den ala ez.
Baketzea
Bestelako gaien inguruan ere mintzatu da GBBko burua. Besteak beste, Bilduk ETAren indarkeriaren aurrean duen jarrerarekin kritiko agertu da Egibar. Bere ustez, Bilduko buruzagiek ETArekiko duten «gidoia eguneratu gabe» dute. Areago, ezker abertzaleak berak ETAren indarkeriarekiko diskurtso «askoz ere konprometituagoa» duela iritzi dio Egibarrek. Bere esanetan, Arnaldo Otegik borrokaarmatuaren inguruan Bateragune auziko epaiketan esandakoak «zalantzarik gabekoak» izan dira, eta Sorturen estatutuak ere Bilduko buruzagiek egindako adierazpenetatik harago doaz. Ezker abertzaleari hauteskundeetan lortutako arrakasta «kontrako eztarritik sartu» zaiola iritzi dio Egibarrek, eta emaitza horiek nola kudeatuko dituen ikusteko dagoela dio.
Horrez gain, Egibar ziur da ezker abertzalearen nahia dela Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuak legealdia agortzea, nahiz eta publikoki halakorik ez adierazi. «Denbora ahalik eta gehien aprobetxatzeko interesa dute, eta uste dut hurrengo agertokia ere kontuan hartu dutela, PP boterera iristen denerako». Garai hori iristen denean, ezker abertzaleak eta PPk elkar ulertzea beste erremediorik ez dutela izango uste du Egibarrek.
Bestalde, Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak normalizazio politikoa eta bakegintzaren aldeko proposamen bat mahai gainean jartzeko aukeraz galdetu diote Egibarri. Haren ustez, bakegintzan Jaurlaritzak eta lehendakariak duten egitekoa garrantzitsua da, baina gaur-gaurkoz noraezean ikusten ditu biak ala biak. Lopez «ekimen bila» dabilela kritikatu du Egibarrek, eta «maila baxuko profila»izatea leporatu dio. Azaldu duenez, Eusko Jaurlaritza gobernu programarik gabe eta «lan gidoirik gabe» ari da lanean, eta horren ondorioz, egoerak gaindituta dabil eguneroko jardunean.
Normalizazio politikoari eta bakegintzari dagokionez, Egibarrek iritzi dio alderdi guztien lana dela horien alde lan egitea. Bake aukera gauzatu dadin, eta inork berriro indarkeria erabiltzeko «tentaldirik» izan ez dezan, ezinbestekotzat jo du «oinarri oso sendoak» ezartzea. Besteren artean, euskal herritarrek erabakitzeko eskubidea dutela aitortzearen inguruan adostasunak bilatzea funtsezkoa dela esan du Egibarrek.
Egibarrek esan du ez duela bere burua aurkeztuko EBBko lehendakaritzarako
EAJko GBBko buruak dio duela lau urteko «barne adostasuna» apurtu ez dadin erabaki duela ez aurkeztea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu