Politika

Egibarrek eta Iriartek estatutu berrirako oinarriak aurkeztuko dituzte Bruselan

EAJko eta EH Bilduko bi legebiltzarkideek autodeterminazio eskubideari buruzko jardunaldi batean parte hartuko dute.

Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkidea eta Joseba Egibar EAJkoa, Eusko Legebiltzarrean. Artxiboko irudia.
Gorka Berasategi Otamendi.
2018ko urriaren 9a
07:54
Entzun

Araba, Bizkai eta Gipuzkoarentzako estatutu berri baten proiektua azalduko dute Joseba Egibar EAJko legebiltzarkideak eta Maddalen Iriarte EH Bildukoak, bihar, Europako Parlamentuan. Katalunia, Eskozia, Faroe Uharteak eta Kaledonia Berriko kasuak ere aztertuko dituzte jardunaldian. Estatus politiko berri bat taxutzeko balio behar duen legearen oinarriak aurkeztuko dituzte bi alderdi abertzaleetako ordezkariek, Bruselan. Hain zuzen, bi alderdi horiek adostu dituzte estatutu berriak oinarri izango dituen irizpideak.

Egibarren eta Iriarteren hitzaldia autodeterminazio eskubideari buruzko jardunaldi baten parte izango da. Autodeterminazio eskubidea: aurrera egiteko bideen bila Europako Batasunaren markoan jarri diote izenburua, eta Europarako Demokraten eta Liberalen Aliantza (ALDE), Europako Ezker Batua-Ezker Berde Nordikoa (GUE/NGL) eta Berdeak/Europako Aliantza Librea (Greens-EFA) taldeek babestu dute.

Jardunaldia Josu Juaristi EH Bilduko europarlamentari ohiak irekiko du, eta hiru zati izango ditu. Lehenengoa Erabakitzeko eskubidea onartuta ez dagoen tokian izenburupean egingo dute, eta Eusko Legebiltzarrea eztabaidatzen ari den estatutu berri baterako proposamena aztertzeaz gain, Kataluniako egoeraz ere mintzatuko dira. Elisenda Paluzie ANCko presidenteak eta Omnium Culturaleko ordezkari batek hartuko dute hitza, 9:10ean. Ondoren hitz egingo dute Egibarrek eta Iriartek, 9:30ean.

Bigarren atalak Erabakitzeko eskubidea onartu den tokian du izenburu, eta Eskoziako, Faroe Uharteetako eta Kaledonia Berriko kasuak aztertuko dituzte.

Azkenik, legearen ikuspuntutik erreparatuko diete giza eskubideei eta Europako Batasunean horiek aplikatzen diren moduari. Bereziki, autodeterminazio eskubideari jarriko diote arreta. Horretarako, Carlos Villan Duran NBEn Giza Eskubideentzako Goi Agintariaren bulegoko kide ohia gonbidatu dute. Haren ostean, Fernando Burgues UNPO Ordezkatu gabeko Nazioen eta Pertsonen Erakundeko Programa zuzendariak hartuko du hitza.

Jardunaldia Izaskun Bilbao EAJko europarlamentariak itxiko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.