Aurten ere banatuta ospatuko dute Aberri Eguna alderdi abertzaleek. Joseba Egibar EAJren Gipuzkoa Buru Batzarreko presidentearen esanetan, ordea, hori ez da garrantzitsuena: «Titulu horren bidez beste gauza bat ezkutatzen saiatuko dira. Festa bat izango da alde batean, mitin bat bestean, baina Aberri Eguna ospatuko dugu aberri hau, euskal nazioa, existitzen dela sinesten dugunok». Nazio hori, «geurea», eraikitzeko eskubidea aldarrikatu du. «Euskal orubearen jabe baldin bagara, eraiki dezagun horren gainean euskaldun guztiok bilduko gaituen etxea, demokratikoki, pausoz pauso, baina nor garen, nondik gatozen eta zer nahi dugun ahaztu gabe».
Gaurko Aberri Egunaren harira, ekitaldia egin zuen atzo EAJk Donostian. Bi urte inguru dira Gipuzkoa Buru Batzarraren (GBB) eraikin berria inauguratu zutenetik, baina ikurrina jartzea falta zen oraindik. Eneko Goia Donostiako zinegotziak eta Gerardo Bujanda GBBko eta Euzkadi Buru Batzarreko kide ohiak altxatu zuten, Garikoitz Mendizabal txistulariaren doinuek eta dantzarien aurreskuak lagunduta. Han ziren alderdiko dozenaka ordezkari gehiago ere.
Egibarren arabera, berezia izango da aurtengo Aberri Eguna. «ETAren indarkeria, zorionez, iragana da; zorionez, gure aberriari atxiki nahi zitzaion aberria ala hil leloa iragana da». Ohi duen moduan, Bilboko Plaza Barrian ospatuko du alderdiak, Aberri bizia. Nazio gehiago lelopean. 11:30ean hasiko da ekitaldi politikoa, eta Iñigo Urkullu Euzkadi Buru Batzarreko presidentea izango da hizlari nagusia. Ondoren, bazkaria izango dute, «senide artean».
«Aberri bizia izateak esan nahi du egunerokotasunari aurre egin behar diogula, egunero hartu beharreko erabakiak hartzen asmatu egin behar dugula», azaldu du GBBko presidenteak. Egoera ekonomikoak eragina izango du, haren esanetan, «baina nazio moduan funtzionatuz gero, aurrera aterako gara».
«Berebiziko garrantzia»
Momentu hauetan, erabakitzeko eskubideak «berebiziko garrantzia» daukala dio. «Toki guztietan ari dira erabakiak hartzen, eta bakarren batzuek ez dute gaitasun hori ere; uko egiten zaie». Espainiaren kasua jarri du adibide moduan, haren ekonomiari buruzko erabakiak atzerrian hartzen direla nabarmenduz. «Geure buruaren jabe izan nahi badugu, erabakiak hartzeko gai izan behar dugu; hori da gakoa». Etorkizunari, kulturari, gizarteari, herri nortasunari nahiz gainerako gaiei buruz ebazteko aukera nahi du EAJk.
Dena den, Egibarren hitzetan, erabakia hartuta dago dagoeneko. «Ez dugu itxaroten egon beharrik beste bakarren batzuek ez dakit zer aitorpen egiten diguten. Geureak baldin badira erabakiak, har ditzagun». Era berean, adierazi du euskal nazio horrek gidaritza bat behar duela. «Herri honetan, gidaritza abertzaletasunaren eskutik emango da. Azken urte eta hamarkada hauetan asmatzen jakin izan dugun bezala, etorkizunean ere jakin egin behar dugu».
Ikurrinak jartzeko eskaera
Zenbat eta pluralago eta zenbat eta nazioago izan, orduan eta libreago izango dela azaldu du. «Ez dugu nahi herri bat abstraktuan askatzea, baizik eta gizon-emakumez osatutako herri bat libratzea».
Euskal Herrian, Ameriketan nahiz Australian bizi, herritarrei balkoietan ikurrinak jartzeko eskatuz amaitu zen EAJk atzo Donostian egindako ekitaldia. «Jakinarazi egin behar dugu herri bat garela eta gure etorkizunaren jabe izan nahi dugula, gure erabakien eta gure arduren jabe izan nahi dugula».
Aberri Eguna. Bezperako ekitaldiak
Egibarrek «euskaldun guztiak bilduko dituen etxea» eraikitzeko deia egin du
Euskal nazioaren gidaritza «abertzaletasunaren eskutik» eman behar dela azaldu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu