Jesus Egiguren PSE-EEko presidentea berriz ere ekimen politikoaren alde azaldu da Euskal Herriko egoeran pausoak ematen jarraitzeko. Izan ere, haren ustez, "politikatik ez badira gauzak egiten, prozesua puskatu egingo da". Dena dela, adierazi du "prozesua oso ondo, izugarri ondo, uste baino hobeto" doala, eta "ondo" bukatuko dela. "Prozesuaren bigarren zatia da hau. Aurrekoan bi parteok ikusi genuen zer ez dagoen egiterik eta orain bi parteek neurriak hartu dituzte". Hala esan du gaur goizean Euskadi Irratian, Faktoria saioan. Duela hilabete pasatxo "ausardia politikoa" izateko eskatu zion Jose Luis Rodrioguez Zapatero Espainiako gobernuburuari, jendaurreko gutun baten bidez.
Atzo Federico Trillo PPko Askatasun Publikoen eta Justiziako koordinatzaileak jakinarazi zuen "Bilduren hauteskunde zerrenda guztien kontra egiteko" akordioa lortu duela Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako lehen presidenteorde eta Barne ministroarekin, baina Egigurenek esan du "Trillok esandakoa kakotx artean" hartu behar dela. "Rubalcabarekin hitz egindakoa gehiegi sinplifikatu du Trillok".
Gainera, EA, Alternatiba eta independenteen koalizio Bilduren hauteskunde zerrendak beste alderdienak bezala begiratzeko eskatu du Egigurenek. "Espainiako zerrenda denak xehe-xehe begiratzen hasiko balira, ez dakit zer azalduko litzatekeen...".
Sortu ezker abertzaleko alderdiak honezkero ezingo du bere kabuz maiatzaren 22ko hauteskundeetan parte hartu, bere erregistro ezaren gaia Espaniako Auzitegi Konstituzionalera pasatuko delako orain, baina biharko egunean Sortu legezkoa izango den dudarik ez du PSEko presidenteak. "Ez dakit noiz eta nola legeztatuko duten, baina hori irabazita dago".
Egigurenek adierazi du bere iritziz ezker abertzaleak bide politiko eta demokratikoen alde egindako apustua atzeraezina dela, "ohartu baita ez duela zentzurik hilketekin nahastuta egotea edo pasiboki geratzea". Bakearen aldeko bidean "gauzak uste baino azkarrago" doazela dio, eta adierazi du ETAk beste agiriren bat aterako duela.
Lopez: "PPrekin dugun akordioak ETA ahultzen du"
Hautsak harrotu dituzte Egigurenen esanek, eta hainbat politikarik erantzun diote PSE-EEko presidenteari. Alderdikideek ukatu egin dute Egigurenek bezala pentsatzen dutenik. Hala, Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ziurtatu du Jaurlaritzan PPrekin duten akordioak "ETA ahuldu" egiten duela. Bi alderdien arteko elkarlanak ezker abertzalea demokraziaren bidea jarraitzera bultzatu duela gaineratu du. Horregatik, "bakea eta ETAren amaiera lortu arte" PSE-EEk eta PPk elkarlanean jarraituko dutela berretsi du,