Egin duen apustua irmoa dela eta ez duela atzerapausorik egingo esan du ezker abertzaleak

Frogak eskatu dizkienei, hartu duen bidea «frogagarria» dela ziurtatu du atzo kaleratutako oharrean

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2010eko azaroaren 30a
00:00
Entzun
«Frogagarria». Hitz horrekin eman dio izenburua ezker abertzaleak atzo kaleratutako oharrari. Egin duen apustua «frogagarria» dela dio, eta «konpromiso hautsiezina» duela ezker abertzaleak independentziaren alde,euskararen, feminismoaren, herrien elkartasunaren, demokraziaren eta justizian eta askatasunean oinarritutako bakearen alde.

Bidea «konbentzimendu osoz» eta «ihesbiderik gabe» hartu duela dio, gainera; bere «izaera iraultzaileari» eusten diola, «irmoa» dela horretan, eta beharretara egokitu duela estrategia.

Hartutako bide politikoan «atzerapauso bakar bat ere ez emateko erabakia» ere «frogagarria» dela dio. Ez diola «errepresioaren xantaiari» amorerik emango eta bere printzipioak ez dituela «koiunturaren arabera aldatuko». Horrela azaldu du alderdi politiko berria osatzekoerabakia: «Erresistentziazko hamarkaden ondoren, iritsi daunea gure proiektu politikoa ikusarazteko eta gizarte osoari erakusteko Euskal Estatua benetan egiteko moduko alternatiba dela».

Beste gauza bat ere ukaezina dela esan du ezker abertzaleak oharrean: Larunbatean Iruñean publikoki hartu zituen konpromisoak «hartzaile bakarrari» begira hartu dituela; Euskal Herriari begira bakarrik eginak direla.

Rubalcaba, PSOE eta PP

Hitz bi egin die urratsak nahikoa ez direla esan dutenei, alegia Rubalcabari, Espainiako Barne Ministerioari, PSOEri eta PPri: ezker abertzalearen erabakiak ez direla «Madrildik edo Paristik moldatzen». Instituzioetan egon, kaleetan manifestatu edo bere proposamen politikoak «askatasun osoz egiteko zilegitasuna» Euskal Herriak beste inork ezin diela eman adierazi du. Hala izan dela beti, eta hala izango dela aurrerantzean ere.

Hortaz, bere iraganari ez diola muzin egin beharrik ohartarazi du ezker abertzaleak. Oinarriei eutsiko diela, eta edozein aukera politiko libreki defendatzeko eskubide demokratikoa ukatzen dutenek «hautsi» beharko luketela «bere iraganarekin», demokraziari berriz eusteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.