Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, atzo 9.251 proba diagnostiko egin ziren birusa detektatzeko, Hego Euskal Herrian. Horien guztien %12,7k eman zuten positibo: 1.171 kutsatu atzeman ziren, beraz. Datuek pandemiaren bilakaeraren larritasuna uzten dute agerian: eguneko positiboen kopurua milakoarekin gainetik baita, beste behin. Azken hilabetean, zenbatekoa bitan baizik ez da izan langa horretatik behitikoa.
Zehazki, Hegoaldeko osasun sistemek plazaratutako informazioari so, atzo Bizkaian zenbatu zuten kasu gehien: 482. Gainera, Gipuzkoan 250 detektatu zituzten; Nafarroan, 244, eta Araban, aldiz, 175.
Halaber, kezkarako zio da oraindik ere zenbat lagun ospitaleratzen dituzten gaitzak jota. Atzo 68 pertsona sartu zituzten Hegoaldeko zentroetan, bezperan bezainbeste. Horiek kontuan izanik, oraintxe bertan, guztira 429 lagun daude birusarekin ospitaleratuta. Horietako 87 ZIUetan daude, larri.