Egoera politikoarekin «kezkatuta» dago Sanz

Mugimenduei aurre egiteko, egokiena irmo egotea dela adierazi du Nafarroako gobernuburuak

Erredakzioa
2010eko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Egungo egoera politikoan entzun eta ikusten dituen «adierazpen eta mugimenduek» kezka eragiten diotela aitortu du Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidenteak. Egoera hori ikusita, baina, egokiena irmo egotea dela adierazi du. Nafarroako Egunaren karietara eginiko ospakizunetan egin zituen adierazpen horiek Nafarroako gobernuburuak atzo.

Sanzek nabarmendu du ETAren balizko amaierari buruzko adierazpenak ugaritzen ari direla azkenaldian, eta zenbait eragile mugitzen hasi direla dagoeneko. Haren irudiko, halere, ez da horretarako unea, ETA oraindik «behin betiko» amaitu ez delako. «Armak eta dituen baliabide guztiak itzuli arte mehatxatuta egongo da Nafarroa», adierazi du.

Helburu hori lortu arte, beraz,«demokratek» zuzenbide estatua «indartzen» jarraitu behar dutela nabarmendu du Nafarroako Gobernuko presidenteak. «Libre eta demokratikoki sortu dugun zuzenbide estatuarekiko konpromisoak irmoa eta etengabea izan behar du, herritarrek hori eskatzen digutelako». Horren harira, Sanzek esan du ETAren biktimak eta «askatasuna eta demokrazia» babesten jarraituko duela haren gobernuak.

Hauteskundeei begira

Zuzenbide estatuaren «sendotze» horretan, Sanzek uste du urrats gehiago egin daitezkeela. «Nola edo hala saihestu behar dugu indarkeria erabiltzen dutenek etekin politikoak lortzea». Datorren urteko foru eta udal hauteskundeak gogoan, Sanzek adierazi du «zirrikitu guztiak» estali behar direla. «Ezin dugu onartu biolentoak txalotzen dituztenak edo indarkeria gaitzesten ez dutenak erakundeetan sartzea».

Nafarroako Gobernuko presidentearen irudiko, «ETAren ingurukoek» gehiengoak nahi ez duen proiektua «inposatu» nahi dute «indarkeriaren eta xantaiaren» bidez. «Nafarrok egun dugun komunitate historiko eta foralari eta autogobernuari eutsi nahi diegu», adierazi du Miguel Sanzek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.