Kontuz elkartearen ikerketak aurrera jarraitzen du, eta beste bi kasuren berri eman du gaur goizean ezagutzera. Batetik, egoera txarrean ziren Guascor eta Oesia Networks enpresek partaidetzak trukatu zituzten Cajasolekin oso denbora tarte txikian. Espainiako Bankuak ohartarazi zuen bi enpresak egoera txarrean zirela, baina bere balioaren gainetik egin zen enpresen salerosketa. Beste kasua, Nafarroako Kutxak sortutako Vialogos enpresan izan zen: Enrique De Mulder Vialogoseko arduradunak 2,7 milioi euro fakturatu zizkion Barbara Rougvie Wilson bere emaztearen enpresa bati.
Guascor 60ko hamarkadan Zumaian sortutako enpresa bat da. Taldea energia berriztagarrien sektorean ekipamenduak eta instalazioak egiten espezializatu da. 2002tik Nafarroako Kutxak enpresaren akzioak erosi zituen, eta partaidetza %13,8koa izatera heldu zen. Dena den, enpresaren zailtasunen ondorioz, akziodun gisa 2002tik 2009ra bitartean arriskuei aurre egiteko hornidurak jartzera behartuta egon da CAN.
Kontuz-en ikerketaren arabera, zortzi urteotan jarritako hornidurak aintzat hartu gabe, bere balioaren gainetik saldu zion %13,8ko partaidetza hori Cajasol enpresari 2010eko martxoaren 16an. Errentagarritasun handiko operazioa izan zela saldu zuen CANek, eta 44 milioi euroko gainbalioa lortu zuela. Hilabete batzuk lehenago, Cajasoli, hain zuzen ere kopuru berean, 44 milioi euroren truke Oesia Networks teknologia militarreko enpresaren %19,4 erosi zion. Espainiako Bankuak “zalantzak” agertu zituen Cajasolekin egindako operazio horri buruz. Merkatuko prezioetan ez egin uste zuen.
"Protagonistak zeintzuk diren ikusita, deigarriena ez da fabore tratua, baizik Miguel Sanz aurrezki kutxako presidentearen erabako kontrol falta", azaldu du Zamorak. Espainiako Bankuaren txostenak derrigorrez ezagutu behar zituela aipatu du.
Hain zuzen ere, Arcano Capital arrisku kapitaleko sozietatea arduratu zen balorazioaz. 2003an sortu zen, eta bere aholku-emaileetako bat zen Ricardo Marti Fluxa (Espainiako Barne segurtasun idazkaria Jaime Mayor Oreja ministro zeneko garaian) 2004tik Nafarroako Kutxako administrazio kontseiluko kidea. Sozietateko gestorea, berriz, Ignacio Sarria da, Jose Antonio Sarria CEN Nafarroako Enpresaburuen Elkarteko presidentearen semea. Oesiako zuzendarietako bat zen Roberto Ducay, "CANen zuzendaritza taldean Enrique Goñiren konfiantzazko gizonetako bat", Zamoraren arabera.
Inbertsio hori uneotan ikerketa judizialpean dago, eta epaileak hainbat diligentzia ireki ditu. Era berean, Kontuzek CANek 2002tik 2009ra bitartean CANek Guascorrera bideratutako hornidurei buruzko datuak eskatu ditu.
Vialogos-en operazio iluna
Vialogos Nafarroako Kutxak sortu zuen, eta Enrique Goñiren agintaldian, enpresen aholkularitzan aritzen zen. 2005ean, Goñik Enrique de Mulder fitxatu zuen Vialogoseko kontseilari ordezkari gisa. Mulder, handik sei hilabetara Nafarroara joan zen bizitzera, eta 2006tik 2009ra bitartean 2,7 milioi euro fakturatuzizkion Norman Asesores enpresari.Vialogosen helburu sozial bera zuen, eta bere zerbitzuak azpikontratatu zituen. Bere arduraduna De Mulderren emaztea zen (Barbara Rougvie), Kontuzen arabera.
Kontuzek jakitera eman duenez, Norman Asesores enpresaren egoitza Gorraiz Eguesibarko urbanizazio garestiko txalet bat zen. Ez Eguesibarko Udalean ez Iruñekoan ez dago erregistratuta Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergarik ordaintzeko. Ez du beste enpresarekin negoziorik egin, soilik Vialogosekin. Kontuz-en arabera, Vialogosi fakturatutako 2,7 milioi euroak besteak beste zerbitzu enpresak ordaintzeko erabili zuen -altzariak, piszinak, lorezaintza- edo De Mulderrekin zerikusia duten enpresei ordaintzeko (Manpower, Multiservicios Consulting).
Kontuz-ek adierazi duenez, De Mulderrek 600.000 euro irabazten zituen urtean, baina oraindik ez dute argi diru hori 2,7 milioi euroen barruan dagoen, edo, Norman Asesoresi fakturatutakoaz gain soldata jasotzen zuen. "Erakundeko arduradunek argitu beharko dute", aipatu du Pablo Ibañez Kontuz-eko abokatuak. Gaineratu du, bi asteren buruan azalpenik jasotzen ez badituzte, auzitegietan salaketak aurkezteko prest dira.
Moderna planaren barruan, adituen batzordeko taldeko kide izendatu zuen Nafarroako Gobernuak. 2009an eta 2011n, Iruñean egin ziren Talentuaren Mundu Foroko komisario izan zen. Madrildarra da eta Vialogosen lan egin aurretik "ez zuen loturarik Nafarroarekin" eta bere espereintza mugatzen zen ekonomia arloko liburuak idatzi (Etica para seguir creciendo; euskaraz Hazten jarraitzeko etika) eta hitzaldiak emateagatik.