Gizarte Zerbitzuak

Egoiliarrei erabaki ahalmena emateko eredua bultzatuko dute Nafarroan

Zahar etxeak eta oro har ezgaitasuna zein buruko gaixotasun zituzten beste gizarte zerbitzuak arautzeko foru dekretua aldatzeko proposamena aurkeztu du Nafarroako Gboernua. Astelehenetik aurrera , gizartearen eskura jarriko du zirriborroa ekarpenak egiteko.

Lizarrako San Jeronimo zahar etxeko langile eta egoiliarrak, apirilean. JESUS DIGES / EFE
joxerra senar
2020ko maiatzaren 29a
13:12
Entzun

Ia 30 urte eta gero, gizarte zerbitzuak arautzeko foru dekretua aldatu nahi du Nafarroako Gobernuak. Pandemiaren erdian ireki du eztabaida. COVID-19ak gogor kolpatu ditu zahar-etxeak eta ondorioz etorkizunean egoiliarren egoitzak ospitale bihurtzeko arriskuaz ohartarazi da egunotan. Haatik, Nafarroako Gobernuak aurkeztutako zirriborroak, etxekotu egin nahi ditu egoitzak: egoiliarrei entzun eta erabaki ahalmena eman: «Lan egiteko moldea eta egoitzetako espazioaren osaera aldatu nahi dira, zaintzaren kalitatea eta gizatasuna hobetzeaz gain, segurtasun handiago ere eskain dezaten», azaldu du, aurkezpenean, Carmen Maeztu Nafarroako Gobernuko Gizarte Eskubideen kontseilariak.

Oraingoz proposamena besterik ez da. Astelehenetik aurrera Nafarroako Gobernuaren gardentasunaren web orrian jarriko dute zirriborraren edukia eta hilabete bateko epea emango da herritarrek, sektore ordezkariek edo gizarte eragileek euren ekarpenak egin ditzaten. Abian den prozesu horretan, pandemiaren eraginak neurtzeko zahar etxeen artean egiten ari diren ikuskaritzaren ondorioak bilduko dira, baita parlamentu taldeen proposamenak jaso ere. Asmoa da azaro edo abendu aldera onartzea.

Indarrean sartzen den unetik, arauak berehala ezarriko dira eraikiko diren azpiegitura berrietan eta euren eraikinean beste hamabost toki baino gehiago handitzeko eskaera egiten duten egoitzetan, eta aldaketa adierazgarriak ezarriko ditu: egoitzak txikiagoak izango dira eta gehienez hamasei lagun izango dituen elkarbizitza unitateak ezarriko dira. Elkarbizitza unitate horiek etxe tankera izango dute, sukalde eta zonalde komunekin, kasu.

Dena den, gainerako gizarte zerbitzuetako egoitzei bi urteko trantsizio epe zabal bat emango zaie antolamendu arloko beste hainbat aldaketara egokitzen joan daitezen. Maezturen arabera, uneotan ezgaitasuna dutenen zentroetan jada ezartzen dira irizpide horiek eta jabego publikoa duen El Vergel zahar etxean ere 2018an apurka irizpide batzuk moldatzen joan dira. Aldaketek, besteak beste, langileen prestakuntza eskatzen dute. Zerbitzu bakoitzak erreferentziazko profesional bat izango du, eta egoiliar bakoitzeko langileen ratioa handiagoa izango da. «Ratio hori ez da bateratua izango zentro guztientzat, zerbitzuaren araberakoa izango da eta horrek bermatuko du gutxieneko kalitate bat izatea».

Egun 13.097 laguni gizarte zerbitzua eskaintzen dieten 525 zentro daude Nafarroan: horietatik 90 gizarte inklusioko zentroak dira, 71 ezgaitasun zentroak, 43 buruko gaixotasunentzako egoitzak eta gainerako bloke nagusia zahar etxeak batik bat (9.105 lagun daude bertan).

Maezturen arabera, aldaketekin bilatzen dute eredua «malguagoa» izatea eta pertsonen behar zein gaitasunetara egokitu ahal izatea. Hain zuzen ere, Nacho Iriarte departamenduko idazkari teknikoak zehaztu du ereduak erabiltzaileengan jarri nahi duela fokua, eta orain arteko ereduak zerbitzu osoa bat ematea xede bazuen, orain horrez gain gizarte zerbitzuetako erabiltzaileak eurak ere kontuan hartuko dira.

Hala, erabaki ahalmen bat emango zaie egoitzen ordutegietan, edo gelak pertsonalizatzeko aukera izango dute, besteak beste. «Ezin dira ordutegiak nahieran ezarri, baina marjin bat izanda, erabaki ahalmen bat izan daiteke. Gainera, erabaki ahalmen horrez gain, errespetatuak eta balioetsiak senti daitezela eta hori guztia intimitateareko eskubidearekin eta gizarteari irekiak izateko aukerarekin. Guzti horrek lagun dezala bizi kalitatea hobetzen», aipatu du Iriartek.

Profesionalek prestakuntza jaso beharko dute, eta helburuetako bat da erabiltzaileak «entzutea». Arreta mota malgutu nahi da, baina era berean profesionalen enpleguaren egonkortasuna eta sendostasuna bultzatuko da. Gainera, sare bat osatu nahi dute zentroek euren arteko informazioa trukatu eta zalantzak argitu ditzaten.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.