Ministroarekin izandako bileratik ez zen gustura atera Isabel Zelaa (Bilbo, 1949), eta asteon jakindako aldaketekin ez dago ados. Espainiako Gobernuak martxan jarritako egitasmoak okerrerako izango direla uste du, eta hemen egoera bestelakoa dela adierazi.
DBHren bizkar luzatuko ditu PPk Batxilergoa eta Erdi Mailako Lanbide Heziketa. Egokia da neurri hori?
Ezin dugu egokitzat jo. Dena den, Wert ministroak azkenaldi honetan egin dituen adierazpenek arazo larri bat daukate: zehaztasun falta. Atzo [herenegun] izan zuen aukera, baina oraindik ez du bere proposamena osotasunean inon azaldu, eta, ondorioz, hainbat galdera eta zalantza sortzen ditu. Horrek urduritasuna eta ezinegona sortzen du hezkuntza komunitatearen barruan. Egin beharreko egokitzapenak beste modu batean egin daitezke, hezkuntza sistema hankaz gora jarri gabe eta sistemaren egitura aldatzen hasi gabe. Uste dut ez dutela oso ondo neurtu non sartzen ari diren. Horren guztiaren kostu ekonomikoa ere ondo baloratu gabe dagoela iruditzen zait.
Proposamenak ez du zerikusirik diagnostikoarekin. Euskadin hezkuntza egitura berberarekin emaitza eta adierazle oso onak ditugu, Europa mailakoen parekoak. Arazoa, beraz, ez dago egituran, beste toki batean baino.
Aldaketaren ondorioz, ikasleek lehenago aukeratu beharko dute Batxilergora edo LH Lanbide Heziketara joan. Arriskua ikusten duzu onenak Batxilergora bideratzeko eta nota kaskarragoak dituztenak LHra?
Nabarmen. Eta, horrela balitz, sekulako atzerapausoa emango genuke Lanbide Heziketa indartzen egin dugun ahaleginean. Ez dugu ondo ulertzen zergatik mozten den DBH hirugarren ikasmailan —ikasle gehienek 15 urte dituztenean— derrigorrezko eskolaldia 16 urterainokoa izanik. Hortik desoreka eta desegokitasun handiak sor daitezke. Nola konponduko diren ez dakit. Ez da erraza izango. Horregatik da hain ulergaitza bide horretatik abiatu nahi izatea. Nolanahi ere, ondorioa Lanbide Heziketaren baliogabetze bat izango den susmoa dut.
0-3 urte artekoekin egin nahi dutena ere kritikatu duzu.
Entzun dudana ere ez da batere nire gustukoa. Berriro ere alde asistentziala indartu nahi da, hezkuntza aldearen kaltetan. Hanka-sartze handia izango litzateke.
PSOEk sustatutako Herritartasunerako Hezkuntza kendu egingo du PPko gobernuak.
Herritartasunerako Hezkuntzaren kontu honetan nabarmen agertu da eskuinaren eskua eta eragina. Irakasgai horren kontra jarri zituzten helegiteak ez dira haien aldekoak izan, eta orain bide politikoa erabili nahi dute lehen lortu ez zutena lortzeko. Hemen ere titulua besterik ez dugu: ez dakigu horren ordez jarriko duten irakasgaiaren edukia. Berriro ere, indefinizioa da nagusi.
Jaurlaritzak badu eskumena hezkuntzari buruzko gaietan. Madrilen erreforma horiek ikusita, zein jarrera hartuko du Hezkuntza Sailak?
Wert ministroarekin egin berri dugun bileran, adostasunaren eta elkarrizketaren alde egin zuen. Guk onartu egingo diogu gonbit hori, eta gertu gaude hitz egiteko, eztabaidatzeko eta proposamenak egiteko. Badirudi bilatu dituen hezkuntza ereduak sozialistok defendatzen ditugunetatik nahiko urruti daudela. Hala ere, ez diogu inondik inora uko egingo elkarrizketaren bideari. Estatutuaren arabera, hezkuntzako eskuduntzak Euskadiri dagozkio, eta Eusko Jaurlaritzak gorde eta babestu egingo du oso-osorik hezkuntza eratzeko eta garatzeko dugun gaitasuna.
Isabel Zelaa. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua
«Egokitzapenak beste modu batean egin daitezke»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu