Garikoitz Goikoetxea.

«Egon beharko luke nahiko malgutasun, lantaldean iritzi askotarikoak trukatzeko»

2012ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Bizikidetzaren gaian egiten ari diren urratsekin pozik da Isabel Zelaa. Zentzuz jokatzea nahitaezkoa dela esan du behin eta berriz.

Abenduan sinatu zenuten akordio bat bizikidetza sustatzeko. Paperean badago. Zertan da hitzarmena?

Papera baino gehiago daukagu: eragile guztien konpromisoa—hiru sindikaturena izan ezik—, giza eskubideak defendatzeko helburu edo egoera guztien gainetik. Ez da gutxi. Konprometitu dira memoria gordetzera; memoriarik gabe ez dago justiziarik eta askatasunik. Eragileak lanean ari dira koherentziaz. Aurki ikusiko duzue jarraipena. Ikastolen Elkarteak egin berri du elkarbizitzari buruzko jardunaldi bat. Euskal hezkuntza egoerak eskatutako neurrian egon da, aitzindari izan da ETAren jardunaren amaierari era aktiboan abegi egiten. Gizartearen urretik jarri da.

ETAk jarduna utzi ondotik, moldatuko da Bakerako Hezkuntza Plana?

Bere erritmoan jarraitzen du. 2.000 ikasle baino gehiagok jaso dituzte biktimen testigantzak. Zentro bakoitzak modulatzen du plana. Garrantzitsuena da inor ez geratzea isilik izugarrikeria eta injustizia dela eta. Ez soilik jasan dugun terrorismoa dela eta. Ikasle kritikoak izan nahi ditugu.

Itun zabalago baterako garaia da?

Erabat. Parlamentuko lantaldeaz ari bazara, uste dut egon beharko lukeela nahiko malgutasun eta zentzu on, iritzi askotarikoak trukatzeko eta elkarbizitzarako moduko lantalde bat sortzeko.

Ezker abertzalerik gabeko lantaldeak izango luke zentzurik?

Ezker abertzaleak badauka ordezkari bat parlamentuan: EA. Eta Aralar, ez dakit nola definituko den azkenean. Badauzka ahots izan daitezkeen ordezkariak, eta legezko ordezkari batzuk ere bai: Bildu eta Amaiur.Haien bidez hitz egin dezake lantaldean, gonbidatzen badute. Garaiotan, azkar eboluzionatuko du honek.

PPren gobernua ari da egoerak eskatzen dituen pausoak ematen?

Ez naiz gai nota jartzeko. Lanean ari dira sen onarekin, eta koordinatuta daude Jaurlaritzarekin. Inteligentziaz kudeatzen jakingo dute egoera berria. Neuronak aktibatzeko garaia da. Garrantzitsua da ezker abertzalea ere inteligentea izatea. 40 urtez egon gara armak eta bonbak geratzeko zain. Ezin da dena egin orain 24 orduan. Lasaitasun, moderazio eta zentzu kolektibo pixka bat behar ditugu, gizarte hobea egin dezagun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.