Joan Subirats Espainiako Gobernuko Unibertsitate ministroak atzo aurkeztu zuen LOSU Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoaren zirriborroa, Jose Manuel Pingarron unibertsitateetako idazkari nagusiarekin batera. Legealdi honetan onartzea dute xede, eta, horretarako, «datozen asteetan» eraman nahi dute Espainiako Ministroen Kontseilura.
Manuel Castellsen lekua hartuta, Subiratsek esku artean duen proiektu nagusia da LOSU. Besteak beste, unibertsitateetako langileen egonkortasuna lortzea du helburu. Esan dutenez, lege berriarekin, lan prekaritaterik ez egotea nahi dute, sistema egonkortzea eta langile gazteagoak edukitzea. Horretarako, neurri batzuk jasota daude testuan: aldi baterako kontratuak gehienez %40 izatea baimentzen du egungo legeak, eta %20ra jaistea jaso dute, esaterako. Gainera, Pingarronek azaldu zuenez, legeak karrera akademiko egonkorragoa eta laburragoa diseinatu du. Hauxe helburua: unibertsitateko irakasle izango den oro hamar urteren buruan egonkortzea.
Bestelako zenbait neurri ere badaude legean. Besteak beste, finantzaketaz mintzo da: BPG barne produktu gordinaren %1 izatea nahi dute. Gainera, lehenengo aldiz, etenaldi akademikorako eskubidea ere jasoko du; alegia, arrazoi horrengatik eskoletara joaten ez diren edo azterketa batera aurkezten ez diren ikasleek ez dute ondoriorik izango. Ikasketetan ere, berritasunak: ikasketa motzago batzuk izango dituzte ikasleek aukeran, etengabeko formakuntza sustatze aldera.
Ministroaren hitzetan, titulu horiek propioak izango dira, ez ofizialak, eta lau kreditutik berrogeiraino izango dituzte. Errektorea hautatzeko modua ere aldatuko dute. Hautagaiek funtzionario doktoreak izan beharko dute, eta unibertsitate bakoitzaren esku egongo da gainerako baldintzak ezartzea. Agintaldia sei urtekoa izango da, eta ezingo da luzatu.
Egonkortasuna da Espainiak aurkezturiko unibertsitate legearen xedeetako bat
Unibertsitate ministroak testuaren zirriborroaren gakoak jakinarazi ditu. Legealdi honetan onestea da plana; horretarako urratsak bidean dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu