Ezbeharra

Eguaras barrutiko sutea egonkortu egin da, baina oraindik ez dago kontrolpean

Hegazkinen eta helikopteroen bidez ari dira sutea kontrolatzeko eta itzaltzeko lanetan. Astearte arratsaldean piztu zen sua Bardearen ipar-mendebaldeko naturgune horretan, eta, baldintzen ondorioz, sua berpizteko arrisku handia dago

Foca motako ur hegazkina, atzo, Eguaras inguruan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
2021eko uztailaren 22a
11:59
Entzun

Airetik eta lurretik, suhiltzaileek lanean jarraitzen dute astearte arratsean Bardean ingurumen balio handiko Eguaras barrutian sortutako sutea itzaltzeko asmoz. Nafarroako Gobernuaren arabera, sutea ez dago kontrolpean, baina gutxienez egonkortu egin da. Atzo adierazi bezala, ingurumenean eragindako kaltea handia izango da.

Tutera, Azkoien, Lodosa, Tafalla, Zangoza eta Cordovillako parkeetako suhiltzaileak dabiltza orain itzaltzeko lanetan, eta Ejea de los Caballerosko (Aragoi, Espainia) parketik ere jaso dute laguntza. Horrez gain, gobernuko basozainak, Valtierrako udaltzainak ere laguntzen ari dira, eta Gurutze Gorriak logistika eskaini die.

Itzaltzeko lanak batik bat airez egiten ari dira: Nafarroako Gobernuaren bi helikoptero, Noainen egon ohi den Azor hegazkina, Errioxako Agoncillo base militarreko bi hegazkin, Madrilek jarritako Kmov helikoptero astuna eta Foca ur hegazkina erabiltzen dira dira. Lurrean, berriz, su teknikoa erabiltzen dute, eta traktoreen eta bulldozerren bitartez sasiak kendu eta su hesiak sortzen ari dira.

Uneotan, baldintzak ez dira onak. Goizetik, helikoptero bidez, sua itzaltzeko lanen arduradunek egoera aztertu dute, estrategiarik egokiena hartzeko asmoz. Izan ere, Aemet meteorologia agentziak muturreko alerta laranja iragarri du, muturreko tenperaturak eta haizeteak espero direlako. Horri gaineratuz gero hezetasunik apenas dagoela, ondorioztatu daiteke suteak berpizteko arriskua handia dela.

Asteartean, 20:17an jasotako telefono dei baten bitartez izan zuten larrialdi zerbitzuek sutearen berri. Uzta biltzen ari ziren zereal eremu batean sortu zen sua, zantzu guztien arabera uzta biltzeko makina baten txinpartak eraginda. Oso azkar zabaldu zen, eta Eguaras barrutiraino heldu.

Eguaras barrutiak ingurumen balio handia du, eta Bardearen ipar-mendebaldean dago. 1.225 hektarea hartzen ditu, eta Bardeako ingurune idorrean oasi moduko naturgune bat da —Bardearen barruan, %3ko azalera hartzen du—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.