EZBEHARRA

Sute batek Eguarasko barrutiaren zati handi bat erre du, Bardean

Kontrolpean dute sutea, baina, Nafarroako Gobernuaren arabera, ingurumen kalte handia eragin du

Sutea Bardeetan. NAFARROAKO BASOZAINAK
Igor Susaeta.
2021eko uztailaren 21a
10:52
Entzun

Sute bat piztu zen atzo arratsaldean Eguarasko barrutian, Bardean (Nafarroa), eta sugarrek balio ekologiko handiko eremu horren zati handi bat erre dute. Sutea kontrolpean hartu dute suhiltzaileek goizean, baina iluntzean oraindik garrak itzali nahian ari dira, tenperatura altuek eta lur idorrek suhiltzaileen lana zaildu baitute. Nafarroako Gobernuaren arabera, ingurumen kalte handia eragin du suak; datozen egunetan egingo du balorazio zehatzagoa.

Atzo, 20:17 zirela, SOS Deietara deitu zuten, eta ohartarazi sute bat piztu zela bildua izaten ari zen labore sail batean. Ustez, uzta biltzeko makinak eragin zuen sutea, harri batzuen kontra tupust egin eta txinparta bat piztuta. Nolanahi ere, oraindik ez dute baieztatu.

Suteak azkar hartu zuen indarra, eta arboladi batera heldu zen. Beraz, hori itzaltzera joan ziren Tutera, Azkoien eta Tafallako suhiltzaileak, baita bi helikoptero eta Azor hegazkina ere, Noaindik aireratua. Baina ilundu zuen, eta helikopteroek eta hegazkinak beren lanak eten behar izan zituzten; orduan, oinezko suhiltzaile gehiago iritsi ziren eremura, Lizarratik, Zangozatik eta Cordovillatik. Nafarroako Basozainak eta Gurutze Gorriko boluntarioak ere aritu dira sugarrak itzaltzeko ahaleginean.

Gaur goizean neurtuko dute suteak zenbat hektarea erre dituen, baina, Nafarroako egunkari baten arabera, Eguarasko barrutiaren heren bat erraustu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.