Eguaras barrutiko suteak 517 hektareari eragin die; horietatik 332 naturgunekoak dira

Dagoeneko itzalita dago sua, eta ingurumenean eragingo dituen kalteak aztertzen ari dira.

Eguaras barrutiko sutea. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Olaia L. Garaialde.
2021eko uztailaren 27a
13:23
Entzun

Azken egunetan Eguaras barrutian (Nafarroa) izandako sutea itzalita dago. Itziar Gomez Landa Nafarroako Garapen eta Ingurumen kontseilariaren eta Ingurumeneko zuzendari nagusi Pablo Muñozen arabera, suteak 517 hektareari eragin die, eta horietatik 332 naturgunekoak dira. Horrez gain, Bardeetako 14 hektareari eragin die suteak. Ingurumen balio handiko gunea da, eta animalia askoren babeslekua; Gomezek azpimarratu du «oso mingarria» dela. Horrez gain, kontseilariak iragarri du suteak saihesteko neurriak ezartzeko plan bat ikertzen ari direla.

Suteak desberdin eragin du eremu batzuetan edo besteetan; esate baterako, erabat kiskalita daude pinudi gune batzuk, eta neurri handiagoan edo txikiagoan mantendu dira adaburuak. Muñozek azaldu duenez: «Suak ingurumenean duen eragina egiaztatzeko, landarediaren bilakaera naturala aztertu behar da. Nafarroako eremua erdi lehorra da, eta berez birsortzeko aukerak urriagoak dira».

Suteak animaliei ere eragin die; hala nola orkatzek, basurdeek eta azeriek ihes egin zuten, baina poliki-poliki itzultzea espero dute. Horrez gain, Bardeetako komunitatearen datuen arabera, suteak ez die kalte egin hegazti harrapariei.

Dagoeneko itzalita dago sutea, baina Tuterako (Nafarroa) suhiltzaileek erre den gunea behatzen jarraituko dute. Gobernuaren arabera, baliteke lur beroak, tenperatura baxuek eta hezetasun faltak sua berpiztea; hala ere, probabilitatea txikia dela dio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.