Euskal Herrian zabaldu den aro politiko berrian Espainiako eta Frantziako estatuek emandako erantzuna salatu dute hainbat eragilek Gasteizen. Ezker abertzaleak, EAk, Aralarrek, Alternatibak, LABek, EILASek, Etxerat-ek, Gazte Independentistek, Euskal Herriak Bere Eskolak, Bilgune Feministak, AAMk, Herria2000 Elizak eta Ikasle Abertzaleek prentsaurrekoa eman dute. Haiekin batera, asteburuan atzemandako Jon Etxeberria eta Ekaitz Samaniego gazte gasteiztarren gurasoak izan dira.
Eragileen ustez, atxiloketok «anakronikoak»eta «onartezinak» dira. Haien ustez, ETAk indarkeria utzi eta Aieteko Adierazpenak egindako deiaren ostean, bi estatuei gatazkaren ondorioei heltzeko garaia iritsi zaie. «Ukapenaren garaia alde batera utzi, eta bakea sendotze bidean, negoziaziorako garaia hasi behar da».
Eragile sozial eta politikoek adierazi dute ez dutela onartuko arrazoi politikoengatik atxiloketa, sententzia eta epaiketa gehiago egotea, eta ohartarazi dute behin betiko bakea lortzeko bidean ez dutela atzerapausorik emango. Halaber, nabarmendu dute lan egingo dutela «eskubide zibil eta politikoen defentsan, inoren aurkako mehatxu, presio, jazarpen, atxiloketa eta tortura mota guztiak desagertzearen alde».
Ildo horretan, dei egin diote euskal gizarteari gatazka konpontzearen aldeko konpromisoa har dezan. Horrela, gaurko antolatutako elkarretaratzean parte hartzeko eskatu diete gasteiztarrei. Andre Mari Zuriaren plazan izango da bilkura, Konponbidearen alde, atxiloketa gehiagorik ez! lelopean, 19:30ean.
Egun errepresioa lekuz kanpo dagoela salatu dute
Hainbat alderdik eta gizarte eragilek konponbidearen aldeko elkarretaratzea egingo dute gaur Gasteizen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu