Garraio publikoa

Egun osoko greba egiten ari dira Euskotreneko langileak

Gaurtik aurrera zabalik da Altza eta Herrera arteko zatia. Aurrerantzean 15 minututik behin igaroko dira trenak Altzatik.

Langileek elkarretaratzea egin dute Larratxoko geltoki parean. BERRIA
2016ko irailaren 12a
12:04
Entzun

Gaurtik abian da Altza eta Herrera arteko Donostiako metroaren zatia. Baina Euskotreneko Amarako langileek deitutako egun osoko greba dela eta, ordutegi bereziak izango dituzte gaur erabiltzaileek. Ordubetero izango dira trenak 07:05etatik 14:05etara, 14:35etatik 18:35etara eta 19:05etatik 21:05etara; gainontzeko orduetan, berriz, 30 minututik behin igaroko dira.

Datorren udazkenean lan egoitza aldatuko diete Amarako Euskotreneko langileei, eta Donostiatik Irunera eramango dituzte. Horiek hala, langileek eskatzen dute enpresak berma ditzala orain arteko lan baldintzak, eta, batez ere, errespeta dezala libratzen duten asteburu kopurua. Ondorioz, aste honetan eta hurrengoan lanuzteak egingo dituzte —%30eko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu Jaurlaritzako Lan Sailak—.

Ordu laurdeneko maiztasuna

Ordea, egunerokoan Altzako bizilagunek hamabost minututik behin izango dituzte trenak astelehenetik larunbatera, eta 30 minututik behin igande eta jaiegunetan.

Herrera eta Altza lotzen dituen trenbide zatia 1.040 metro luze da, eta bi sarrera ditu, Larratxoko anbulatorioaren aldamenean bata eta Santa Barbaran bestea. 46,3 milioi euroko gastua izan dute lanek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.