Egunean bost familiak galtzen dute etxea

Etxebizitzaren hipoteka ez ordaintzeagatik banku eta kutxek eskatutako kaleratzeak %7 jaitsi dira aurten Hego Euskal HerrianEtxea galdu dutenak gainbalio zergatik salbuetsi nahi ditu Gipuzkoako Aldundiak

Jon Rejado.
Gasteiz
2011ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Etxearen hipoteka ordaindu ezin dutelako, egunero bost familiaren etxebizitza bankuen eskuetara pasatzen da Hego Euskal Herrian. Urteko lehen bederatzi hilabeteetan, ordaindu gabeko hipotekaren trukean etxea eskuratzeko 1.332 eskaera egin dituzte banku eta kutxek lehen auzialdiko epaitegietan eta lehen auzialdiko eta instrukzioko epaitegietan. 2011ko azken hiru hilabeteetako datuak falta diren arren zaila izango da 2010eko kopurura heltzea: 1.854 kaleratze izan ziren orduan, 522 gehiago.

Nafarroan gertatu da kasu gehien, Arabaren ondoren Hego Euskal Herrian biztanle gutxien duen herrialdea bada ere. Espainiako Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiak emandako datuen arabera, Nafarroako epaitegiek 447 kaleratze eskaera jaso dituzte urte hasieratik. Araban, 185 kaleratze eskaera jaso dituzte; kopuru txikiagoa da, baina kontuan hartu behar da batez beste biztanleko kasu gehien duen probintzia dela, Nafarroaren ondoren. Gipuzkoan, 272 kasu izan dira, eta Bizkaian, berriz, 428.

2009az geroztik izan den beherako bilakaera mantenduko da 2011. urtean, ezustekorik ezean. Duela bi urte banku eta kutxek egin zuten etxeak husteko eskaera gehien. 2007. urtetik, 1.231 igo ziren bi urtean; %161,5eko gorakada. Ordea, 2009tik kaleratze eskaerak jaitsi egin dira. 2010ean %7 jaitsi ziren, eta 2011ko lehen hiru hilabeteetan bilakaera bera mantendu da: %7,5 jaitsi da 2010eko datuekin konparatuta, bigarren hiruhilekoan hazkunde txiki bat gertatu den arren.

Jaitsierak jaitsiera, etxeak husteko aurtengo eskaerak ere 2008. urtean baino gehiago izango dira. Eta 2007ko kasuak halako bi baino gehiago gertatuko dira aurten, joera aldatu ezean.

Gainbalio zergatik salbuetsi

Etxearen hipoteka ordaindu ezin dutelako kalean gelditzen direnek gainbalio zerga ez ordaintzea proposatuko du 2012. urtearen hasieran Gipuzkoako Aldundiak. Aldundiek arautu eta udalek jasotzen duten zerga hori etxebizitza saltzen dutenek ordaindu behar dute, eta etxebizitza dagoen lurzoruaren balioaren igoerari dagokio. Gipuzkoako Aldundiak gogorarazi du etxea galdu duenak ez duela salmentaren etekinik jasoko, eta horretan oinarritu da neurria proposatzeko.

Diputazioko Ogasun eta Finantza Sailaren arabera, «ez da bidezkoa» etxea galdu dutenek zerga hori ordaindu behar izatea. Hain zuzen ere, gogorarazi dute etxebizitza galdu duten zenbaitek oraindik ez dutela bankuarekin zuten zorra kitatu. Gogorarazi behar da etxearen enkantean eskaintzarik ez badago, banku edo kutxak eskuratzen duela, berak ezarritako prezioaren erdian, etxea erosi zen prezioa baino baxuagoan betiere.

Foru arauaren aldaketa 2012aren hasieran bultzatuko du Gipuzkoako Foru Aldundiak, Batzar Nagusietara eramango duen proposamen baten bitartez. Alderdi politikoek aztertuko dute bertan, neurria aintzat hartzen den erabakitzeko.

Eusko Jaurlaritza ere lanean ari da etxea galdu dutenei edo galtzeko zorian daudenei laguntza emateko neurri batzuen gainean. Etxebizitza eta Justizia sailak elkarlanean ari dira, bitartekaritza zerbitzu bat prestatzeko, etxea husteko eskaria auzitara heldu aurretik egoera konpondu ahal izateko. Bi aldeen arteko negoziazioak huts egin duten kasuetara- ko izango da bereziki; kasu horietan, bitartekariak zordunaren egoera aztertu eta, haren baliabideen arabera, banku edo kutxarekin duen zorra kitatzeko proposamena egingo lieke bi aldeei, eta hipoteka berriro negoziatzeko beste bide bat bilatuko luke.

Jaurlaritzak gogorarazi du etxea lana galdu dutelako galdu dutenek lehentasuna dutela Bizigune programan sartzeko, hutsik dauden etxeak alokatzeko programan. Horretaz gain, kreditu erakundeekiko finantza lankidetzako esparru berrian beste zenbait neurri jarri ditu indarrean Jaurlaritzak; besteak beste, babes ofizialeko etxebizitza husteko agintzen den kasuetan Eusko Jaurlaritzak lehentasuna izango du hori erosteko. Bestetik, etxea galdu dutenek lehentasuna izango dute babestutako alokairurako pisuetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.