Etenik gabekoa da jarioa: batez beste, egunean zazpi familia etxetik botatzen dituzte Hego Euskal Herrian. CGPJ Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Orokorrak eman ditu datuak, iazkoak. Lau herrialdeetan guztira 2.578 etxe hutsarazi zituzten. Goia jo du kopuruak: 2008ko datuekin alderatuz, %75 igo dira etxe husteak.
Krisiak justiziaren alorrean izan duen eraginari buruzko txostenean azaleratu du egoera hori CGPJk. Etxe husteetan izan du eragina, izan duenez. 2008an, artean krisia gogortu gabe zegoela, egunean lau familiari kentzen zieten etxea Hegoaldean; guztira, 1.441 sendiri. 2011n, 2.578 etxe hustu zituzten; zazpi, egunean. Proportzioan, Araban izan da igoera handiena lau urtean: bikoiztu baino gehiago egin da kopurua —272tik 580ra—. Igoera handia da beste herrialdeetan: Gipuzkoan %80 (222tik 402ra), Bizkaian %76 (715etik 1.260ra) eta Nafarroan %45 (232tik 336ra). Etengabea da igoera, Nafarroan salbu; 2010ean baino gutxiago hustu zituzten iaz.
Egoera etengabe makurtzen ari dela ikusita, neurriak iragarri dituzte erakundeek. Asteon, Espainiako Kongresuak baiezkoa eman dio kaleratzeak saihesteko proiektuari: bankuei eskatu diete ez botatzeko «bazterketa arriskuan» dauden sendiak —hiru ezaugarri hartu dituzte kontuan sendi horiek zein diren zehazteko: etxe bakarra izatea, guztiak lanik gabe egotea eta hipoteka pagatzeko diru sarreren %60 edo gehiago erabili behar izatea—. Bankuei konpromiso bat sinatzeko eskatu diete, eta, Espainiako Gobernuaren arabera, gehien-gehienek izenpetu dute jadanik. Eusko Jaurlaritza, berriz, bitartekari hastekoa da apirilean bertan.
Bankuek ere iragarri dituzte neurriak. Kutxak eta BBK-k proposamen bat jarri dute mahai gainean: gizarte ekintzara bideratutako dirua jartzea etxea galtzeko arriskuan daudenak babesteko. Funts bat sortzeko asmoa dute.
Stop Desahucios, kontra
Iragarritako neurrien aurka agertu da Stop Desahucios taldea. «Atzerapausotzat» jo dute bi kutxen asmoa. «Proposamen horren helburua da gizarte ekintzara bideratutako dirua nabarmen murriztea». Bidean diren kaleratzeak geratzeko eskatu dute, eta hartzeko kontuan familien diru egoera. Etxea bankuari emanda zorra kitatuta geratzea galdegin dute.
Egunean zazpi sendiri kentzen diete etxea
Hegoaldean goia jo zuen iaz hutsarazitako etxeen kopuruak: 2.578 familia egotzi zituzten, orain lau urte baino %75 gehiago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu