Datuak

Eguneko positiboak 2.000 kasuren langatik hurbil dira berriz ere

Osakidetzak eta Osasunbideak beste 1.980 kutsatu detektatu dituzte asteazkeneko testetan. 57 lagun erietxeratu dituzte COVID-19ak jota.

COVID-19a atzemateko testak, laborategi batean. ELVIS GONZáLEZ, EFE
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko uztailaren 29a
13:15
Entzun

Ezin arintzerik antzeman. Beste behin, transmisioa larriagotzen ari dela erakusten dute Hegoaldeko osasun sistemek argitara ateratako datuek. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako informazioaren arabera, atzo 14.312 diagnostiko proba egin ziren Hegoaldean birusa detektatzeko, eta 1.980 kutsatu zenbatu zituzten horietan. Zehazki, egun bakarrean egindako testen %13,8k eman zuten positibo Hego Euskal Herrian.

Halaber, osasun agintariek zehaztu dutenez, atzo zenbatutako positiboetatik 923 Bizkaian atzemandakoak dira; kopuruaren ia erdia da hori. Gainera, Gipuzkoan 464 kasu detektatu dituzte; Nafarroan, 404; eta Araban, berriz, 157.

Ospitaleetan ere nabarmena da kutsatzeen goraldiak izandako eragina. Osakidetzak eta Osasunbideak emandako datuen arabera, oraintxe bertan 413 paziente dira gaitzarekin erietxeraturik Hegoaldean. Horietako 79 ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan daude, larri. Erietxeratzeei dagokienez, atzo 57 pertsona sartu zituzten ospitalean birusaren sintomak larriagoturik. Horietako 14 Nafarroan ospitaleratuak dira, eta, gobernuak zehaztu duenez, horietako bi ZIUetara eraman dituzte zuzenean.

Gainera, Nafarroako Gobernuak gaitzarekin loturiko beste bi heriotzaren berri eman du berriki: birusarekin eri ziren bi gizonezko zendu dira herrialdean. 72 eta 84 urte zituzten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.