Tentuz aztertu beharreko datuak dira asteburuen ondotik Hego Euskal Herriko osasun sistemek plazaratzen dituztenak. Egun bakarrean atzemandako COVID-19 kasuei dagokienez, ohikoa da astegunetan baino kopuru txikiagoak jakinaraztea, birusa detektatzeko proba gutxiago egin ohi baitira larunbat eta igandeetan. Edonola ere, faktore hori aintzat hartu arren, osasun agintariek gaur emandako datuek joera aldaketa bat erakusten dute: atzo 773 positibo zenbatu ziren Hegoaldean. Uztailaren 9tik izandako kopururik apalena da hori. Guztira, 6.756 proba diagnostiko egin ziren, eta, beraz, %11,4 izan zen positiboen ehunekoa.
Lurraldeka, Bizkaian zenbatu zuten kasu gehien: 313 izan ziren. Gainera, Nafarroan 191 detektatu dira; Gipuzkoan, 172, eta Araban, berriz, 78.
Erietxeei dagokienez, Osakidetzak eta Osasunbideak COVID-19arekin eri ziren 34 gaixo ospitaleratu zituzten atzo. Horiek kontuan izanik, oraintxe bertan guztira 459 lagun daude Hegoaldeko zentroetan sartuta. Horietako 86 ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan dira.