Alba Madinabeitia. EHUko irakaslea

«Egungo irakasle ereduak ez du hobetzen eskola»

Irakasle lanbidea aldatzeko beharra ikusten du Madinabeitiak; batez ere, hasierako formakuntza, lanbiderako sarbidea eta ebaluazioa. Uste du ikastetxeek autonomia handiagoa behar dutela.

MAIALEN ANDRES / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
Donostia
2023ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Irakasle lanbidea eta hura aldatzeko beharra. Horixe aztertzen ari dira atzo eta gaur EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen Irakasle lanbidea: erreformatu ala eraldatu udako ikastaroan. Alba Madinabeitia (Iruñea, 1987)EHUko irakaslea eta Pedagogian doktorea da zuzendarietako bat.

Gaur egun, nolakoa izan behar du irakasle batek?

Nolakoa izan behar duen ulertzeko, nondik gatozen ulertu behar da. Hezkuntza sistemak sortu zirenean, irakasle eredu jakin bat sortu zen, diziplinaren transmisioan oinarritutako funtzioak zituena eta gelan ezagutza transmititzen zuena. Oraindik bertan behera ez dagoen eredu batetik gatoz.

Irakasleak zein egiteko izan behar du?

Kontuan hartu behar genuke ikastetxe bakoitzeko hezkuntza proiektua; ezin dugu pentsatu irakasle figuran zerbait homogeneoa balitz bezala. Irakasle baten funtzioa ongi zehaztu ahal izateko, oso ongi definitu behar dugu irakasle horrek zer egin behar duen dagoen testuinguruan. Eta, noski, menperatu behar ditu ikasmaila bakoitzari dagozkion ezagutzak, elementu pedagogikoak eta didaktikoak... Baina irakasleak hezkuntza aldaketaren motorra ere izan behar du. Gainera, argi dago ikasle batek ez duela ikasgela barruan bakarrik ikasten. Hortaz, irakasleak pentsatu behar du bere ikasgela barruan dagoela, baina harago ere bai.

Zergatik du aldatzeko beharra irakasle lanbideak?

Zaharkitua gelditu zaigun irakasletza eredu bat ezarri zaigulako, zurruna eta modu oso unipertsonalean ulertua. Berriz pentsatu behar dugu, argi baitago ez daukala eragin onik hezkuntzaren kalitatean: egun daukagun irakasle ereduak ez du hobetzen eskola, ezta ikasleen ikaskuntza ere.

Zer dago hobetzeko?

Hobetzeko dago —eta funtsezkoada— hasierako prestakuntza, hezkuntza fakultateetan eskaintzen dena. Formakuntza horretatik desagertuta daude elementu egituratzaileak, irakasleari erremintak ematen dizkiotenak pentsatzeko bere jarduna lidergoaren ikuspegitik, eskola antolakuntza hobetzeko funtsezko pieza gisa... Oso inportantea da identitateari buruzko lanketa bat ere barneratzea hasierako prestakuntza horretan. Lantzea: «Zertarako nahi dut nik irakasle izan? Zei irakasle mota izan nahi dut?». Formakuntzan ez da lan egiten identitatearen elementuarekin; hortaz, ikasleei ere asko kostatzen zaie ulertzea benetan zein den zehazki gerora aurrera eraman beharko duten lana. Hasierako prestakuntzan, batez ere, teknika eta erreminta pedagogikoak ematen zaizkie, ikasteko eta irakasteko prozesua ongi menperatu dezaten, baina hor bukatzen da formakuntzaren iruditeria. Gerora ere, eredu horren segida gisa antolatzen da etengabeko formakuntza. Ebaluazioa da beste korapilo handi bat. Ebaluazioaren kultura oso eskasa daukagu, nahiko begi txarrez ikusten dugu. Eta ebaluazioa ezinbesteko prozesua da erabakiak argitasunez eta zorroztasunez hartzeko.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntzan aldi erabakigarria da oraingoa, Hezkuntza Legea ontzen ari direlako. Zer jaso behar luke irakasle lanbideaz?

Lege proiektuaren azterketa txiki bat egin dut, eta lanbidea, hezkuntza helburuak eta formakuntza ulertzeko modua (hastapenekoa eta etengabekoa) gaitasun tekniko horien hobekuntzan oinarrituta daude nabarmen. Gero, esaten du hezkuntzako udal kontseiluekin hezkuntzaren eragina udalerrietara zabaldu nahi dela, baina egia da oraindik ikastetxeen autonomia indartzeko ere aurrerapenak egin behar direla. Ikastetxeek nolabaiteko autonomia eduki beharko lukete ikusteko zer irakasle motarekin lan egin nahi duten, baina, horretarako, oso ongi ebaluatu behar dugu irakasle horien jarduna.

Irakasleen formakuntza aipatu duzu. Fakultateetako ikasketak aldatu behar dira?

Hor dago aldaketarako elementu interesgarrienetako bat. Ezagutzan aurrera egiteko, ezinbestekoa da ikerketa, eta ikerketari lotutako ikasgairik ez dago irakasle ikasketetan. Ebidentzietan oinarritutako formakuntza beharko litzateke, zorrotza eta kontrastatua. Gainera, garrantzi handiagoa eman behar zaio identitatearen garapenari ere.

Ikasketa horiek amaituta, irakasle lanbiderako sarbideak nolakoa izan behar luke?

Hautatzeko prozesua zaharkitua geratu da, eta, horretan, bat egiten dugu askok: LEPa [lan eskaintza publikoa] berrikusi behar da.Izan ere, gure oposizio sistema ariketa oso memoristiko batean oinarrituta dago. Lanpostu finkoa emango diogun ala ez erabakitzeko orduan, ez dugu ikusten irakasle hori bere jardunean, bere ikasgelan, bere ikastetxean, bere komunitate zabalean lanean... Alternatiba batzuei buruz hitz egin izan da; medikuek egiten duten antzeko prozesu bat egiteaz, hau da, zenbait ikastetxetan egonaldi moduko bat egiteaz, gainbegiratuta, probekin eta ebaluazioekin. Baina ni ez nintzateke honetan sartuko, zeren urteetan matraka eman baita, baina ez da ezer egin arlo horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.