egunkaria auzia

'Egunkaria'-ren auzi ekonomikoa ere betiko itxi dute, preskribatutzat jota

Gipuzkoako Probintzia Auzitegiaren autoaren arabera, zehaztugabeak ziren ustezko delituak eta haien egileak, eta berretsi egin du maiatzeko erabakia. Zortzi auzipetu zeuden, zigor eskaera handiekin.

'Euskaldunon Egunkaria'-ko auzi ekonomikoa ere amaitu dadila eskatzeko eta auziperatuei babesa adierazteko elkarretaratzea Donostian. JON URBE, ARP
enekoitz esnaola
2014ko urriaren 15a
07:23
Entzun

«Auto hau irmoa da, eta haren aurka ezingo da inolako ohiko helegiterik jarri». Hala dio Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak Egunkaria-ren auzi ekonomikoari buruz atera duen autoak. Bukatu da auzi hura, eta, ondorioz, bukatu da Egunkaria auzia, 11 urte pasara. Kazetaren itxierako epaiketan bost lagun epaitu, eta 2010eko apirilaren 12an absoluzioa eman zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak. Pieza ekonomikoan zortzi lagun zeuden auzipetuta, eta Gipuzkoako auzitegiak artxibatu egin du, Donostiako Zigor Epaitegiaren erabakia berretsita. «Zehaztugabetzat» jo ditu fiskaltzak aipaturiko auto bateko akusazioak, eta ustezko delituak preskribatu ditu. Amaitu da auzia. Baina Egunkaria itxita da 2003ko otsailaren 20tik; horrek ez du atzera bueltarik.

Juana Maria Unanue, Iñigo Suarez de Odriozola eta Maria del Carmen Bildarraz 3. sekzioko magistratuek hartu dute behin betiko artxiboaren erabakia, aho batez. Deliberatu behar zutena: Gipuzkoako Fiskaltzak auzipetuei leporatzen zizkien ustezko delituak preskribatuta zeuden ala ez. Joan den maiatzaren 23ko auto batean Carmen Zubimendi Donostiako Zigor Epaitegiko epaileak ebatzi zuen preskribatuta zeudela, eta auzia itxitzat eman zuen. Behin-behinean, ordea. Izan ere, fiskaltzak bazuen Gipuzkoako Probintzia Auzitegi jotzeko aukera. Jo zuen, ekainaren 11n, apelazio helegitea aurkeztuta; epaiketa egitea nahi zuen. Defentsak inpugnatu egin zuen ekainaren bukaeran, eta orain hartu dute Gipuzkoako auzitegiko magistratuek erabakia.

Ondorioz, kasuko zortzi auzipetuak libre geratu dira: Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Joxe Mari Sors, Ainhoa Albisu, Mikel Sorozabal, Fernando Furundarena eta Begoña Zubelzu. Egunkaria-ren itxierako auzipetu ere izan ziren Torrealdai, Uria eta Auzmendi.

1998-2001 artean diru laguntza publikoen iruzurra eta diru kontuen faltsutzea egitea egozten zieten auzipetuei, eta, 2003ko urriaren 16ko operaziotik kasuak buelta asko eman ondoren, joan den apirilaren 7an egin zuten aurretiazko saioa Donostiako epaitegian. Defentsako abokatuek, preskripzioa eskatzeaz gain, oinarrizko eskubideen urratzeak, akusazioak proposatutako lekuko eta perituen baliogabetasuna eta beste hainbat arrazoibide erabili zituzten auzia ixteko eskatzeko. Zubimendik ez zuen beharrik izan kontu haiez ebazpena emateko, preskripzioari heldu baitzion.

Hala, epaileak zioenez, delitu haiek egin zirela frogatu izan balitz ere, duela 16 eta 13 urteko kasu batzuei buruzkoak ziren, eta halako delituak 5 urtera preskribatzen dutela. Haren arabera auzia ezerk ez zuenez eten, kasua itxitzat eman zuen. Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak berretsi egin du erabakia, Espainiako Zigor Kodearen 132. artikuluan oinarrituta. Unanue, Suarez de Odriozola eta Bildarraz magistratuek atzo ateratako autoan esaten dutenez artikulu harekin ezarrita dagoen doktrinarekin, auto judizialetan argi zehaztu behar direla kasu bateko ustezko delituak eta egileak, eta ebatzi dute Egunkaria-ren auzi ekonomikoak ez dela halakorik izan.

Fiskaltzak duela hilabete helegitea aurkeztu zuenean, aipatu zuen formazkoa zela. Auziko beste parteak bezala, ados zegoen ustezko delituak noiz hasi ziren (1998, 1999, 2000 eta 2001ean), eta bakoitzaren preskripzio epea 5 urte  zela. Baina iritzi zion 2003ko azaroaren 4ko auto batek eten egin zuela preskripzioa, han zehaztu zirelakoan delituak eta egileak. 2003ko urriaren 16an Egunkaria-ren auzi ekonomikoko operazioaren ostean Juan del Olmo Auzitegi Nazionaleko epaileak egindako auto batean oinarritu zen fiskala; Guardia Zibilak 2006ko urriaren 27an egindako txosten bat ere aipatu zuen, besteak beste.

Gipuzkoako Lurralde Auzitegiko 3. sekzioak ere ez ditu aintzat hartu haren argudioak. Guardia Zibilaren txostenaz dio salaketa bat baizik ez dela, eta Del Olmoren auto hari heldu dio. Atzo sinatutako autoan garbi esan dute han ez zirela aipatzen «ez egintza haiek eta ez egintza haietan inplikatuta dauden pertsonak», autoak ez dakarrela «ustezko jokabide tipikoak zehazteko inolako elementurik», eta «modu luze eta ezinago zabalean baina adierazpen hutsezkoan» dakarrela «kontakizun faktikoa, inolako zehaztapenik gabe». Hortaz, «badu zehaztugabetasun bat, objektiboa bezain subjektiboa, eta, ebazpen honen aurreko arrazoibideetan azaldutako baldintzen arabera, ezin eman dakioke agindua etenarazteko indarrik» eta «ezin da inondik inora ere jo etete-eraginkortasunezkotzat».

Gipuzkoako magistratuek diote auzi ekonomikoari buruzko zehaztasun judizialak, Auzitegi Nazionalak kasua prozedura laburtu gisa bihurtzea erabaki zuela-eta, 2007ko apirilaren 10eko auto batekoak direla —defentsak hasieratik horixe zioen—, orduan etengo litzatekeela preskripzioa, baina ordurako jadanik kasua preskribatutzat jo behar dela.
Del Olmoren 2003ko azaroaren 4ko autoak itxierako auziarekin zerikusia zuen, nahiz eta autoan bazioen ETArekin loturarik ez zuten «delituak» ere ikertu beharko lituzketela. Baina han ere —eta orduko azaroaren 26an zabaldutako prozedura berrian ere ez—, ez ziren zehaztu auzi ekonomikoko ustezko delituak eta egileak.

Ustez deliturik ez

Egunkaria-ren auzi ekonomikoan delituak egon ziren ala ez zuen ebatzi Zubimendi epaileak; ezta Gipuzkoako auzitegiko hiru magistratuak ere. Dena dela, Zubimendik gogoratu zuen auzibidean zehar ustezko kaltetu ziren erakunde publikoek uko egin ziotela auzian parte hartzeari eta, gainera, deliturik ez zela egin azaldu
zutela txosten sendoen bidez.

Eusko Jaurlaritzak Egunkaria-ri emandako diru laguntzak legezkoak izan zirela jasotzen duten bi txosten prestatu zituen: 2012an, Patxi Lopezen (PSE-EE) lehendakari zen garaiko Kultura Sailak egin zuen bat; eta bestea iaz, Iñigo Urkulluren (EAJ) gobernuko Ogasun eta Finantza Departamentuak. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun Departamentuak ere esan izan du Egunkaria-ren partetik ez zela diru kontuen faltsutzerik gertatu —Gipuzkoan zeukan egoitza fiskala Egunkaria-k, Andoainen—.

Auzipetuek beti salatu izan dute kasuak «bultzada politikoa» zuela. 2010ean, Egunkaria-ren itxierako absoluzioaren ostean, pieza ekonomikoa Donostiako Zigor Epaitegira pasatu zuen Auzitegi Nazionalak, ustezko delituak arruntak zirelako, ez «terrorismoarekin» lotutakoak. Auziaren hasieran Fiskaltza Ministerioa ez zen akusazio gisa aurkeztu. Gero egin zuen hori, Dignidad y Justicia elkarteak egindako eskaerei atxikiz —2011ko abenduan elkartea auzitik kanpo utzi zuen Auzitegi Nazionalak—. Eta, hain zuzen, zortzi lagunentzat guztira 128 urteko kartzelaldia eta 221 milioiko isuna eskatu zuen fiskaltzak. Auzipetuek, halaber, beti eskertu izan dute euskal gizarteak emandako «babesa».

Bukatu da Egunkaria auzia. Aztarna utzita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.