Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren gehiengoak oker eta bidegabetzat jotzen du Egunkaria-ren itxiera, EHUk egindako Euskobarometroak jasotzen duenaren arabera. Zehazkiago, hiritarren %73ren ustez okerra izan da Egunkaria ixteko erabakia eta %66ren iritziz bidegabea izan da. Alderdi guztietako jendearen iritziak biltzen ditu, gainera, multzo horrek.
Itxierak kaltetutakoen erantzunari dagokionez, bestetik, biztanleen %48k espero zuen erantzuna eman dutela adierazi du. %28k itxierari uste baino hobeto egin diotela aurre dio eta %9k gehiago espero zuela adierazi du. Bestetik, %69k begi onez ikusi du Egunkaria-ren itxieraren aurrean Eusko Jaurlaritzak eman duen erantzuna. Era berean, Batasunaren ilegalizazioa «kaltegarria eta antidemokratikoa» izan dela uste du herritarren %64k.
Maiatzeko lehen hamabostaldian Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 1.200 herritarrei egindako inkesta du oinarritzat Euskobarometroa azterketak eta egoera politikoari buruzko irakurketa egiten du. Atzo argitaratu zituen emaitzak Francisco Jose LleraEuskobarometroko zuzendariak, Manuel Montero EHUko errektoreak lagunduta.
Sei hilabetero EHUk egiten duen ikerketak hainbat baieztapen ondorioztatu ditu: herritarren %65 deskontentu dago demokraziaren funtzionamenduarekin. Espainiako Konstituzioa- rekiko atxikimendua gero eta txikiagoa da eta gizartearen gehiengoa «errespetuzko aldaketen» alde dago, Konstituzioa bera urratzen ez badu.
Politikan aktiboki parte hartzeko beldurra, bestetik, txikitu egin da, Euskobarometroaren arabera, nahiz eta Euskal Herritik kanpora bizitzera joateko prest daudenen kopuruak, %16k, bere horretan jarraitzen duen. Politikariei dagokienez, Juan Jose Ibarretxek eta Juan Maria Atutxak bakarrik jaso dute herritarren balekoa.
Oro har, «argi-ilunez beteriko egoera» atzeman du Francisco Jose Llera Euskobarometroko zuzendariak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako egoera sozio-politikoari buruzko azterketa egiterakoan. Izan ere, egoera ekonomikoari dagokionez herritarrak baikor dauden arren, egoera politikoa ez da pozteko modukoa, inkestek diotenaren arabera. Hala, langabezia eta indarkeria dira, beste behin ere, arabarren, bizkaitarren eta gipuzkoarren kezka nagusiak.
Demokraziaren funtzionamendua: «Demokraziaren funtzionamenduarekin deskontentu» dagoen herritarren kopurua oso esanguratsua da: %65. Berebiziko garrantzia duen datua da honakoa, Euskobarometroko zuzendariaren esanetan, Europako Batasunean ia inoiz gertatu ez den egoerara garamatza eta. Italian korrupzioa nagusi zen garaian besterik ez da ezagutu antzeko emaitzarik.
Espainiako konstituzioa: 1978an Espainiako Konstituzioari buruz egindako erreferenduma uneotan errepikatuko balitz, aldeko botoak duela 25 urte jasotako berak izango lirake; hau da, %31. Aurkako botoa emango luketenen kopurua, aldiz, bikoiztu egingo litzateke, lau herritarretik batek esango bailioke ezetz Konstituzioari. %65ek, bestetik, begi onez ikusiko luke Konstituzioaren erreforma bat. Hala, azken urteetan Konstituzioak izan duen «bultzada» hoztu egin dela uste du Llerak.
Independentzia:Independentzia lortzeko «gogo handia» dutenen kopurua handitu egin da azken sei hilabeteetan eta %35eko taldea osatzen dute horiek. «Gogo gutxi edo inolako gogorik ez» dutela diotenen kopurua, aldiz, %51 da, duela sei hile bezala. Bestalde, «Euskadi independente» batean «hobeto» biziko litzakeela uste du %32k; %26k «okerrago» dio, eta, %23k «berdin».
Ibarretxe plana: Hamar herritarretatik seik aitortzen du Ibarretxeren planari buruzko informazio gutxi duela. Dena den, Konstituzioarekin bateraezina dela uste du gehiengoak. Herritarren %44k, bestalde, «zatiketa eta ezegonkortasuna» sortuko lukeela uste du; %28ren iritziz, aldiz, «lasaitasuna» ekarriko luke. Edozelan ere, hazkunde ekonomikoa suposatuko lukeela uste du gehiengoak.
Eusko Jaurlaritza, legebiltzarra eta ertzaintza: Azken hilabeteotan instituzioekiko konfiantzarik eza areagotu egin den arren, Eusko Jaurlaritzak, Legebiltzarrak eta Ertzaintzak soilik gainditu dute balekoa ematen duen 5. Konfiantza gutxien jaso dutenak, aldiz, Espainiako Gobernua, militarrak, Justizia Administrazioa eta NATO izan dira, hurrenez hurren. Politikarien artean, Ibarretxek eta Atutxak soilik gainditu dute proba. Baloraziorik okerrena, aldiz, Jose Maria Aznar Espainiako presidenteak izan du.
EUSKOBAROMETROA
'Egunkaria'-ren itxiera bidegabe eta okertzat dute herritarrek
Arabar, bizkaitar eta gipuzkoarren gehiengoak ez du begi onez ikusten demokraziaren funtzionamendua eta Espainiako Konstituzioarekiko atxikimendua gutxitu egin da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu