Amnesty Internationalen urteko txostena

'Egunkaria'-ren itxiera eta operazio horretan atxilotutakoek egindako tortura salaketak jaso ditu AIk

AI Amnesti International gobernuz kanpoko erakunde ezagunak gaur plazaratu du 2004ko txostena; hots, iaz mundu osoan izan ziren giza-eskubideen urraketa nagusiak biltzen dituen agiria. Espainiako Estatuan jazotako urraketei dagokion atalean 'Egunkaria'-ren itxiera zein operazio horretan atxilotutako zenbaitek egin zituzten tortura salaketak eta Aznarren Gobernuak haiei emandako trataera aipatzen ditu AIk. Halaber, Batasunaren zein plataformen ilegalizazioak nahiz ETAren hilketa eta atentatuak aipatzen ditu.

2004ko maiatzaren 26a
15:11
Entzun
Amnesty Internationalen arabera, iaz Hego Euskal Herrian bizi zen krisi giroak —ETAren jarduna, eta Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko liskarrak aipatzen ditu krisi horren arrazoi gisa— zalantzan jarri zituen adierazpen askatasuna eta biltzeko askatasuna.

"Otsailean, Auzitegi Nazionaleko epaile batek, Lege Antiterrorista aplikatuz, euskara hutsez kaleratzen zen egunkari bakarraren, Euskaldunon Egunkaria-ren, badaezpadako itxiera eta kazeta harekin zerikusia zuten 10 lagunen atxiloketa agindu zuen. Agi denez, adierazpen askatasunarentzako ondorio kaltegarriak izan zituen neurria izan zen", dio hitzez hitz AIren txostenak.

"Urte guztian nahasmena egon zen adierazpen politikoen zilegitasunaren inguruan;halaber, sentimendu abertzaleen adierazpena eragozteko saioak — ETAren gisako talde armatuak babestea zela argudiatuz— kezka piztu zuen", dio AIren txostenak hurrengo pasartean.

Ildo beretik, ETAren atentatu saioek —batik bat, Joseba Pagazaurtundua PSE-EEko kidearen hilketa— adierazpen askatasuna auzitan jarri zutela eta bizitza eskubidearen kontrakoak izan zirelasalatu du giza-eskubideen aldeko erakundeak.

Iazko maiatzeko hauteskundeak tentsio giroan egin zirela iritzi dio AIk, hain justu, Batasunaren ilegalizazioagatik, eta, horren, ondoren, herri plataformen hautagaitzak baliogabetu zituztelako.

Torturak

Atxilotu etainkomunikatutako hainbat pertsonek torturak salatu zituztela oroitarazi du AIk; haien artean, Egunkaria ixteko operazioan atzemandakoetako batzuk. Era berean, Egunkaria auzia-n atxilotu eta torturak salatu zituztenen aurka Espainiako Gobernuak salaketa jarri zuela azpimarratu du Amnesty Internationalek, "ETAri laguntzea" leporatuta. Aznarren Gobernuaren erantzun hori arriskutsua iruditu zitzaiola agertu du giza-eskubideen aldeko erakundeak: "Atxilotuen salaketen azterketa zehatza egin barik etorri zen [Gobernuaren erantzuna], eta atxilotuak zein presoak tortura ekintzak eta tratu txarrak salatzeko beldur izateko zigorgabetasun giroa indar zezakeen. Kazetari horiek egindako salaketak sakon ikerktzeko Amnesty Internationalek egindako deialdiek ez zuten erantzunik izan", jaso du txostenak.

Salaketa zehatzez gain, Espainiako Estatuak torturei aurre egiteko ez duela behar bezalako neurririk hartzen iritzi dio AIk. Hain justu, gogorarazi du Torturak Prebenitzeko Europako Batzordeak Espainian zenbait egoera eta praktika kezkagarri zeudela agertu zuela martxoan, baitk bat, presoen inkomunikazio aldiari lotuta, eta hainbat gomendio egin zizkiola Madrili horiek konpontzeko. Espainiako Gobernuak, ordea, aholku horiek aintzat hartu eta indarrean jarri ordez, inkomunikazio aldiaren epea luzatu egin zuela salatu du giza-eskubideen aldeko erakundeak.

Etorkinaketa emakumeak

Horrez gain, etorkinei emandako tratuan giza-eskubideen kontrako zenbait praktika antzeman ditu AIk: diskurtso arrazista delikuentziari buruz zabaldu ziren informazioetan, etorkinen itotzeak itsasoz iristerakoan, espultsioak, eta tratu txarrak ere bai paperik gabe harrapatutako hainbat etorkini (batik bat, adingabekoei).

Era berean, iaz Espainiako Estatuan ia 100 emakume hil zirela genero indarkeriaren ondorioz azpimarratu du AIk.

Frantzian, etorkinei tratu txarrak eta espetxeetako egoera txarra

Frantziako Estatuari dagokionez, paperik gabe harrapatutako etorkinei tratu txarrak eman zitzaizkiela salatu du giza-eskubideen aldeko erakundeak,eta, halaber, Frantziako espetxeetako egoera tamalgarria dela: presoen pilaketa izugarria dela dio AIren txostenak, eta ez dituztela gaixorik dauden presoei behar bezalako arreta emateko baldintzak betetzen.

AI-ren 2004ko txostena gazteleraz eta frantsesez .
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.