Santa Maria de Garoñako zentral nuklearra (Espainia) kudeatzen duten enpresak zergak ordaintzetik salbuetsita; horrela baino ez da ekonomikoki errentagarria izango zentral hori 2019ra arte irekita edukitzea, Eguzkik ohartarazi duenez. Talde ekologistaren arabera, «lobby nuklearrak» neurri hori hartzera behartuko du Espainiako Gobernua, zentralari irekita eutsi nahi badio. Sektoreak emandako datu bat oroitarazi du Eguzkik: ehun milioi euroko inbertsioa egin beharko du Mariano Raxoiren Gobernuak CSNSegurtasun Nuklearrerako Batzordeak agindutako konponketa lanak egin ahal izateko. «Kontrolik ez egiteak eta kosturik bere gain hartu beharrik ez izateak erakusten du lobby nuklearra gobernuen eta herritarren erabakien gainetik dagoela», adierazi du elkarteak.
Orobat, energiaren sektorean erreformak egiteko asmoa du PPren gobernuak, eta Industria ministro Juan Manuel Soriak iragarri du zerga bat ezarriko diela hondakin nuklearrei eta horien bilketari. Asmo horrek eta CSNk agindutako inbertsioak zaildu egiten dute Garoñako zentrala beste zazpi urtez irekita edukitzearen bideragarritasuna. Endesak eta Iberdrolak azaldu dutenez —Nuclenor enpresaren akzioen erdiak dituzte bien artean, eta Nuclenor zentralaren kudeaketaz arduratzen da—, «goiz» da PPk ezarri nahi dituen neurrien eragin ekonomikoa jakiteko, baina zalantzak adierazi dituzte baimena luzatzea eskatzearen inguruan. Zentrala 2019ra arte lanean edukitzeko agindua eman zuen Espainiako Gobernuak uztailaren 3an.
Eguzkik dio Garoña soilik enpresa nuklearrei zergak barkatuta dela bideragarri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu